Arrautza kaxak, garagardo botila hutsak, besorik edo bururik gabeko manikiak… edonoren begietara zaborra denak beste zentzu bat du Olatz Goiburu artistaren estudioan. Edozein objektu izan daiteke artelan baten euskarria edo abiapuntua. Margolaritzat du bere burua beste ezeren gainetik, ordea: “Eremu horretan sentitzen naiz erosoen”.
Kolektiboki ekin zion ibilbide artistikoari Goiburuk, Legazpin, bere jaioterrian. Txo! kolektiboan eman zituen lehen urratsak, Carlos Ausserladscheiderren –iaz zendu zen– eta Gorka Salmeronen alboan. Kolektiboan sartu zen hirugarren pertsona izan zen bera, Arte Ederretako ikasketak bukatzeke zituela. “Erakusketak egitea oso zaila da, hasieran, batez ere. Zuk zail ikusten duzu, behintzat, edo ez zara ausartzen. Urrats hori errazago egiten da kolektibo baten parte zarenean. Beste gauzetan ere horrela izango dela imajinatzen dut. Kolektiboko jendearekin beti oso gustura aritu naiz. Garai zailetan ere asko lagundu didate, eta agian horregatik jarraitzen dut oraindik margotzen”. Izan ere, 25 urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta margotzen jarraitzen du “Hau naiz ni, eta hau gabe ez nintzateke ni izango”, dio, inguruan dituen margolanei begira.
Espresio modu hori ez du inoiz ogibide bihurtu, ordea, eta bestelako lanetan aritu izan da beti. Dentista laguntzaile eta diseinatzaile grafiko lanetan ibilia da, baina irakaskuntzan ari da duela urte batzuetatik. Artetik bizitzen saiatzeak bizirautea esan nahi du sarritan, baina ez da hori izan Goibururen hautua. Errealista dela dio: “Nik neure obra estimatzen dut, eta ez dut uste txarra denik, benetan. Badakit nik egiten dudana ez dela salgarria, ordea. Jende askorentzat desatseginak dira nire lanak, eta deseroso sentitzen dira haien aurrean”. Bere lana artearen merkatura egokitu gabe jarraitu du, ordea. “Uste dut hasieratik argi xamar nuela ez nintzela honetatik biziko. Behin hori barneratuta, libre naiz nahi dudana egiteko. Badakit pinturatik bizi direnek presio handia izaten dutela. Margolan mota bat asko salduz gero, margolan mota horretan iltzatuta geratzeko arriskua dago, eta ez nuke nahi niri halakorik gertatzerik”.
Deserosotasunean eroso
Publikoa uxatu dezakeen era berean, erakarri ere egin dezake obra baten aurreak deseroso sentitzeak. Epeltasunetik urruntzen da Goibururen obra, eta deigarriak bezain gordinak dira bere koadroak. “Emakumearen gorputzarekin lotuta daude asko. Gorputz zaurituak dira, ez dira gorputz garbiak. Amatasunaren alde iluna azaleratzen ere saiatzen naiz. Batzuetan, anbiguotasunarekin jolasten dut, eta ez da garbi geratzen gorputza gizonezko batena edo emakumezko batena den”, azaldu du. Gorputz kanonikoen iruditegia apurtzen du Goibururen lanak, eta horrek sortzen die deserosotasuna batzuei, haren ustez: “Jendeari gauza oso garbiak gustatzen zaizkiola iruditzen zait”. Collagera jotzen du askotan. Alde iluna islatzeko xomorroen eta eulien marrazkiak ere sarri egin ohi ditu.
Barne kezketatik edaten du, eta gardena da horretan Goiburu: “Emakumeen munduak eta generoarenak erakartzen nau, batez ere. Gai horien inguruko kezkak betidanik izan ditut. Amatasuna da horietako bat. Ama naiz eta asko disfrutatu dut amatasunean, baina, era berean, amatasunaz neukan irudia erabat puskatu zitzaidan, behin ama izanda. Zeharo aldatzen da zure gorputzarekin duzun harremana, eta mitoak erortzen dira. Hori horrela da, eta saiatzen naiz nire margoetan azaleratzen”.
Bestelako kezkak ere hauteman daitezke haren obran, begirada kritikoz landuak eta egungo gizartearen hainbat mamu azaleratzen dituztenak. Garbitasunari gordintasuna kontrajartzen dio, bere obran ez ezik, obra hori gauzatzeko erabilitako materialetan. Teknika nahasian aritu ohi da, eta era askotako materialak nahasten ditu. “Berdin zait zer erabili”, dio, garai batean egindako koadro bati hautsa kentzen dion bitartean. Euskarriak ere ez du garrantzirik. “Mihiseak erosten ditudanean, perfektuegiak izaten dira. Askotan, nahiago izaten dut ohol puska baten gainean margotu. Inperfekzioa bilatzen dut nire marrazkietako gorputzetan, eta horretan ere bai”.
Euskarri moduan erabilitako liburuz eta koadernoz betetako hamaika kaxa ere baditu estudioan. Zirriborroak egiten ditu bertan, eta bakarren batzuk koadroetara ere eramaten ditu. “Marrazkiak intuitiboki egiten aritzen naiz batzuetan, orbanekin jolastuz”, azaldu du. Ideia egituratuago eramaten du estudiora beste batzuetan, hasiera behintzat: “Ideia edo amets batetik ateratzen dira gauzak. Oso ideia erromantikoa dirudi, baina bai, benetan, batzuetan gertatzen da”.
Espresatzeko modua da Goibururentzat marrazketa, eta erlaxatzekoa, berriz, zeramika. Forondan zeramika tailerra emango zutela jakin bezain laster eman zuen izena. “Beti gustatu izan zait, baina ordura arte ez nuen lantzeko aukerarik izan. Oso gustura nago Keixetarekin eta bertan elkartzen garen gainerako lagunekin”. Kolore biziak eta deigarriak erabiltzen ditu margoetan, eta nabari da joera horren eragina estudioko txoko batean dituen zeramikazko pieza txikietan.
Estudiotik ikasgelara
Presiorik, egutegirik eta luzerako begiradarik gabe egiten du lan estudioan Goiburuk. Suertatu ahala ekiten die esku artean dituen proiektuei: “Ez naiz hemendik bizi, eta, beraz, oso libre sentitzen naiz”. Denbora falta du muga bakarra, nahiz eta gaineratu duen agian “beste gauza batzuk” probatuko lituzkeela, diru gehiago izanez gero. Irakasle lanetan ematen du egunaren zati handiena, ordea. Donostian ari da aurten, baina urtetik urtera aldatzen du lanlekua. “Ez naiz funtzionarioa, eta ez nuke izan nahi, gainera”, aitortu du. Batxilergoan ematen ditu aurten klaseak: Marrazketa Artistikoa, Teknika eta Artearen Oinarriak.
Gustura ari da irakaskuntzan. Estudioko lanekoa eta ikasgelakoa erabat desberdinak izanagatik, ikusten du loturarik bien artean: “Bizi eta pentsatzen dudana azaleratzen da klasea ematean, eta, beraz, arteaz dudan ikuspegia ere transmititzen dut”. Transmisioa beste norabidean ere ematen dela dio: “Gustatzen zait gazteekin lan egitea. Horrela, ez duzu galtzen haiekiko lotura. Nik uste dut belaunaldien arteko jauzia gertatzen dela haien lekuan jartzen ez zarenean, eta nire lanak horretarako aukera ematen dit. Gainera, nire obretan lantzen ditudan gaiak oso presente izaten dituzte nire ikasleek”. Izan ere, estudioan nola, hala aritzen da ikasgelan, begirada kritikoa galdu gabe, irakasten, ikasten eta desikasten.
- Adina: 52 urte
- Ikasketak: Arte Ederretan Lizentziatura eta Klinika Laguntzaile titulua.
- Margolaria eta irakaslea ez banintz… Mezenasa izango nintzateke, dirua izango banu [barreak].
- Lanean ez nagoenean gustuko dut: Erlaxatzera zeramikako klaseetara joaten naiz. Horrez gain, paseatzea eta sukaldean ibiltzea ere gogoko dut.