XI. Flysch Traila

Bihar emango zaio hasiera Flysch Trailaren egitarau kulturalari

Baleike 2019ko eka. 18a, 16:42

Amina Hanif, Sudiqa Hussein eta Marion Bashir izango dira bihar 'Niñas de Pakistan de la aldea de Hushé. Objetivo 8.000' pelikulako gonbidatuak

Igandean jokatuko den XI. Flysch Trail mendi lasterketaren atarian, egitarau kulturala antolatu dute lasterketaren antolatzaileek. Bihartik ostirala bitarte, ikus-entzunezkoak eta hitzaldiak egongo dira.

Ohi bezala, Flysch Trailaren atarian, kultur programa jarri dute abian mendi lasterketako antolatzaileek. Aurtengo ekimen nagusia Pakistango Sarabastall proiektuarekin aurrera eraman dutena da. Horri esker, bertako hiru neska etorriko dira Zumaiara, hango bizimoduaren eta ekimenaren berri ematera. Eskoletan hitzaldiak emango dituzte, eta, gainera, ikasleek aukera izango dute bihar Niñas de Pakistan de la aldea de Hushé. Objetivo 8.000 pelikula ikusteko, Aita Mari aretoan, 11:00etan. Arratsaldean, berriz, Martxa nordikoaren onurak bularreko minbizian, hilerokoan, haurdunaldian eta menopausian hitzaldia izango da Cristina Gonzalez Castroren eskutik, Oxford aretoan, 19:00etan.

Ostegunean, hilaren 20an, ¿Y si te dijeran que puedes? filma izango da, Aita Mari aretoan, 19:00etan hasita. Ostiralean, aldiz, Niñas de Pakistan de la aldea de Hushé. Objetivo 8.000 pelikula emango dute berriro, baina kasu honetan publiko orokorrarentzat. Aita Marin izango da, 19:00etan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide