Ignacio Zuloagaren irudia herritarrei ezagutarazteko helburuarekin Zumaiako Udalak eta Zuloaga Fundazioak irteera antolatu dute Bilboko Arte Ederren museora. Hain zuzen, duela hilabetetik bertan dago Zuloaga (1780-1945) izeneko erakusketa; margolariaren orain arteko erakusketarik handiena da. Guztira, 95 lan daude, eta horietako batzuk publikoan erakutsi gabekoak dira.
Hala, erakusketa hori ikustera joateko irteera uztailaren 8an egingo da, Txomin Agirre kaiako autobus geltokitik, 16:00etan. Guztira, 40 pertsonentzako lekua dago, eta derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako hiru bide daude: Alondegia kultur etxea (09:30-13:30 ordutegian), 943 86 10 56 telefonoa edo kulturetxea@zumaia.eus posta elektronikoa. Bakoitzak gehienez bi izen eman ditzake.
Bisita gidatuak euskaraz eta gazteleraz
Erakusketarako sarrera, bertan egingo den bisita gidatua eta autobus zerbitzua doan izango dira. Guztira, hiru bisita egingo dira: talde bat euskaraz eta bi gazteleraz. Euskarazko azalpena emango duen gida Ismael Manterola izango da, Artearen Historian Doktorea. Gaztelerazko gidak berriz, Margarita Ruyra de Andrade eta Ignacio Suárez-Zuloaga Gáldiz izango dira, Zuloaga fundazioaren sortzaileak.
Izen emateko epea astelehenean, ekainaren 24an, zabalduko da eta azken eguna uztailaren 5a izango da.