Aurten ere Raku tailerra emango du Keixetak Endoian

Erabiltzailearen aurpegia Itziarko Auzo Udala 2019ko ekainaren 20a

Hiru eguneko saioan ikasi ahal da aintzinako zeramika teknika japoniarra.

Iaz hainbat jende gogoz geratu zela eta, aurten ere Raku (zeramika japoniarra) tailerra antolatu du Itziarko Auzo Udalak, udaberri–uda kultur egitarauaren barruan. Txiki Agirre Keixeta margolari eta zeramikagile arroarra izango da irakaslea eta Endoia auzoko lokalean emango du tailerra.

Hiru saiotan banatuko da ikasketa. Lehenengo saioa ekainaren 27an egingo dute, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Bertan, egosketarako piezak egingo dituzte. Bigarren saioa, berriz, uztailaren 4an izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta orduan piezak egosi eta esmaltatzeari ekingo diote. Tailerraren azken eguna uztailaren 13an egingo dute eta egun guztian zehar Rakuak labean egosiko dituzte, tartean bertako elkartean bazkaltzeko aukera izango delarik.

Lehenengo bi saioetan 8 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte eta 14 urtera artekoek helduren baten laguntza beharko dute. Azken saioa, aldiz, 14 urtetik gorakoentzat izango da. Ikastaroko plazak mugatuak dira eta parte hartzeko izena eman beharko da 645 7146 33 (Arantza) telefonora deituta. Matrikula 10€ ordaindu beharko da eta 14 urtetik beherakoentzat debalde izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide