Muralak, mugak salatzeko: Erribera kaleko muralen eta adierazpen askatasunaren inguruko erreportajea, Berrian

Maialen Unanue Irureta | Berria 2019ko ekainaren 20a

Andoni Canalleda | FOKU

Hiru urte bete ditu Zumaiako Erribera kaleko muralak. Pintura, pinturaren gainean: horma-irudi koloretsua egun batez, marroia beste hainbatez. Hala izan da 97. irudira arte. Adierazpen askatasunari buruzko eztabaida publikoa egitea eskatu du Kalea Guztiona Da taldeak, hasieratik: 98.ean lortuko dute, azkenik. Maialen Unanue Irureta kazetariak Berria egunkarian ondutako erreportajea ekarri dugu webgunera.

Hasi zirenean gehixeago irauten zuten Zumaiako (Gipuzkoa) Erribera kaleko muralek: bi egun inguru. Gero, prozesua azkarragoa izaten hasi zen: margolanak pintatu biharamunean ezabatzen zituen udalak. Kolore eta irudi bizien gainean, pintura marroia. 2016an hasi zen katuaren eta saguaren arteko joko hori, eta aurten bukatu da, hiru urteren ostean: ia mila egun eta 98 mural izan dira, guztira.

Herri erdi-erdian dago pareta famatua, alde zaharra erdiz erdi zeharkatzen duen kale batean. Oharkabean pasa zitekeen, baina ez da hala: eztabaida publiko baten erdigune bihurtu da. «Egun batean, beste hainbat gauzaren artean, margotu egin genuen; beti egon da hemen, abandonatuta. Zentsuratu zutenez, beste bat egin genuen, eta hala izan da behin eta berriz», azaldu du Axier Lopez Kalea Guztiona Da taldeko kideak.

Murala bihurtu da gudu zelai, huraxe egin da ezagun handik kanpo, baina eztabaida zabalago baten zati bat baino ez da. Muralak egin ahala, ezabatu egin ditu udalak, behin eta berriz, kale garbiketa ordenantza bat dela eta. Dena den, horma-irudiei ez ezik, bestelako adierazpideei ere eragiten die araudiak, esaterako, pankarta eta kartelei. Horregatik aldarrikatzen dute Kalea Guztiona Da taldeko kideek beharrezkoa dela adierazpen askatasunaren mugei buruzko gogoeta publikoa egitea. «Debekuak bertan behera utzi eta parte-hartze prozesua abia dezatela eskatu dugu: guk ez daukagu konponbidea, nahi duguna da eztabaida ahalik eta jende gehienaren artean izatea, adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida gosea baino zaharragoa delako».

Artikulua irakurtzen jarraitzeko, jo Berria.eus-era.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide