Igande arratsaldean amaituko dira Baleikeren 25. urteurreneko ekitaldiak. Une horretan itxiko ditu ateak ekainaren 14tik zabalik egon den Baleike, 25 urte eta 12 elkarrizketa erakusketak. Aurretik, ordea, musikak hartuko du protagonismoa.
Larunbat gauean Joseba Irazoki eta Lagunaken kontzertua izango da Kofradiako plazatxoan. Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta haren amaieran Maitx DJaren saioa izango da Kofradian bertan.
Euskal musika panoramako izen interesgarrienetakoa da Irazoki berarra. Aurrez ere izan da Zumaian, gehienetan bakarka. Orain bi urte Pettirekin jo zuen santelmoetan, txosnetan, Etxeko Uzta taldeko kide gisa. Biharkoan Lagunak taldearekin joko du Zumaian. Felix Buff (Willis Drummond) bateria jotzaileak, Jaime Nieto (Atom Rhumba) baxu jotzaileak eta Ibai Gogorza (Borrokan) gitarra jotzaileak osatzen dute taldea une honetan. Lagunakekin bi disko atera ditu Irazokik, biak ere Bidehuts etxearekin: Joseba Irazoki eta Lagunak (2014), eta iazko azaroan argitaratutako Zu al zara?Azken disko hau urteko onenetakoen artean aukeratu dute kritikari askok.