Autorik sekula hartu ez duenak ere ezaguna izango du, segur aski, zubi txikiaren alboko gasolindegia, izan noizbait haren aurrean, Fielatoan, norbaitekin hitzordua egin duelako, edo, besterik gabe, herriaren erdigunean dagoen gasolindegi bakarra delako. Urteak daramatza hala izaten. “1946an egin zen gasolindegi hau”, zehaztu du Jesus Mari Elustondok. Hark darama negozioa azken 30 urteotan, gutxienez. Ogibide bihurtu aurretik ere aritu izan zen hainbat urtez, ordea. Aitak heldu zion lehenik negozioari, 1955ean, eta, hura hil eta gero, beharrak eraman zuen Elustondo gasolindegira: “Adinean gora zihoan ama, eta ni geratzen nintzen hari laguntzen. Pixkanaka, gero eta ardura gehiago hartu nuen”.
Garaiko agirietan arakatuta izan du Elustondok gasolindegia ezarri zen urtearen berri. Agiri horiek diote urte horretan gasolindegia lekuz aldatu zela, ordea, eta badu susmoa lehenagotik ere gasolindegiren bat bazela Zumaian. Garai hura ezagututakoen testigantzek ere hala baieztatu diote: “Esan izan didate Patxita Etxezarreta kalean zegoela, orain Kabi taberna dagoen inguru horretan. Gehienez ere zutoin bat egongo zen, orduan oso auto gutxi zeuden eta”. Egun zutik dagoen etxolaren aurretik ere bazegoen beste bat, leku berean. Hura ezagutu zuen Elustondok. 1997an egin zuten obra, eta, eraikina berritzeaz gain, hornigailuan ere egin zituzten aldaketak. Tanke bakarra zuten ordura arte, eta bigarren bat sartu zuten. “Garai hartan gasolina erabiltzen zen, ‘superra’ deitzen geniona. 1992tik aurrera, ordea, indartsu sartu zen berunik gabeko gasolina”, azaldu du. Gerora, obra egin eta bi urte ingurura, “superra” gordetzen zuen tankea hustu eta gasolioa sartu zuten bertan, haren ordez. Hala mantentzen da hornigailua, gaur egun.
Erregaien prezioek eta merkatuak zehazten dituzte gasolindegietako aldaketak. Baita gizartean eman diren ohitura aldaketek ere. Adibidetzat jarri du ordainketa egiteko modua. 1994 inguruan hasi zen jendea kreditu txartelak erabiltzen, dioenez, eta gehienek horrela ordaintzen dute, gaur egun. Haietako askok autotik jaitsi beharrik gabe egiten dute. Bezero batzuen kreditu txartelen kodeak ere buruz dakizki Elustondok, onartu duenez: “Hamabi bat izango dira. Badute konfiantza nirekin, eta ordainagiria ere ez didate eskatzen”.
Izan ere, bezeroekin duen hartu-emanak badu garrantzia Elustondorentzat. Zerbitzu erosoa eta gertuko tratua ematen ahalegintzen da. Jendearekin tratu ona du, baina bezeroen jarreran nabari du aldaketa azken urteotan: “Jende asko auto barruan geratzen da, mugikorrari begira edo laneko kontuei bueltaka. Ez dute deskantsatzen. Batzuetan, hitz egiteko aukerarik ere ez da egoten. Zentzu horretan, komunikazioa apur bat galdu da”. Bizimodu aldaketarekin lotu du joera hori. Bestalde, normaltzat ere badu, dioenez “zerbitzu azkarra” nahi izaten baitu jendeak gasolindegian.
Lan lotua
Urteko egun guztietan izaten du zabalik gasolindegia Elustondok, jaiegunetan eta larunbat arratsaldeetan izan ezik. Lankide batek hartzen du zerbitzuaren ardura haren oporraldietan eta eguerdiko tarteetan. Lotura handia eskatzen duen lana da, baina, dioenez, “gustura” joaten da lanera. CEPSA petrolio enpresarentzat egiten du lan. Enpresa horrek hornitzen du gasolindegia, eta irabazien zati bat jasotzen du. Dena den, negozioa Elustondo berak kudeatzen du. Nagusirik ez du ezagutu sekula. “Egun batean lehenago etorri nahi badut edo ohi baino beranduago itxi, ez diot inori azalpenik eman behar. Lotua da, bai, baina onerako zein txarrerako”, azaldu du.
Eguna tarteka luzea egiten zaiola onartu du, baina nolabait betetzen du denbora; lan ikusezinak bai baitaude, autoei eta motorrei edaten ematetik harago: fakturak txukundu eta antolatu, hornitzaileekin hitz egin, bankura joan… Ordu hilak ere izaten dira etxolaren barruan, baina betetzen ditu nola edo hala, egunkariaren, telebistaren eta liburuen laguntzaz. Bezeroekin duen tratuak ere arintzen dio eguna; batzuetan gehiago besteetan baino. Bitxikeriak ere ezagutu ditu, hainbeste urtean. Bereziki akorduan du duela 25 urte inguru gertatutakoa, igande gau batean. Urte haietan, baskula bat zegoen gasolindegi batean, kamioiak pisatzeko, eta lan horretan ere aritzen zen Elustondo. Bestelako erabilera bat eman zion, ordea, egun batean: “Telefonoz deitu zidaten gauean, 23:00ak aldean. Arroa Goiko Artetxe zen. Hark eta lagun batek euren burua pisatu nahi zuten, apusturen bat tarteko zela. Tomas taberna zegoen horretan saiatu omen ziren, baina hango baskulak ez zuen hainbeste pisu onartzen. Etxetik jaitsi eta baskulara joan behar izan nuen, biak pisatzera”.
Joera berriei adi
07:30ean zabaltzen du gasolindegia, eta erregaien prezioa zehaztea izaten du lehen eginbeharra. Petrolioak merkatuan duen momentuko balioaren araberakoa izaten da prezio hori. Prezio gorakadek ez diote laguntzen, azaldu duenez: “Gasolioa zenbat eta merkeago egon, orduan eta hobeto da niretzat. Izan ere, bankuek ehuneko bat eramaten dute txartela ibiltzen dudan aldiro. Komisioa handiagoa da, diru gehiagorekin”. Dena den, uste du prezioen gorabeherek ez diotela eragingo gehiegi negozioan; ezta Europako Batasunak dieselari ezar diezazkiokeen mugek ere.
Auto gehienak diesel bidez ibiltzen dira, oraindik ere. Hala dira hamar autotik zazpi inguru, Elustondoren arabera. Ez da askorik fio Europatik datozen gomendioez, eta unean uneko joerekin lotu ditu: “Orain dela urte batzuk gasolioaren alde egiteko gomendatu zuten. Bestalde, 1992an, ikerketa batzuk zabaldu ziren, berunik gabeko gasolina kantzerigenoa izan zitekeela ziotenak. Joerak dira, nik uste”. Auto elektrikoa ere hasi da zabaltzen, pixkanaka. Egonkortu arte bide luzea ikusten dio, halere: “Ez dakit gasolindegietan zerbitzu hori eskaini beharko dugun noizbait, baina etorkizun hurbilean ez dut uste. Oso poliki aldatuko da”.
Aipatutako aldaketek non harrapatuko duten ez du garbi Elustondok; erretiroa hartzean gasolindegiak zer ibilbide egingo duen ere ez. Etxean familiako negozioari erreleboa emango diezaioketenak baditu, baina ez du haiek horretara bultzatzeko intentziorik: “Seme bat eta alaba bat ditut, baina ez da nire asmoa beraiek lan honetara bultzatzea; euren erabakia da, eta beraiek erabaki behar dute etorkizunean zer nahi duten”. Momentuz, gasolindegiak badu erregaia etorkizunari aurre egiteko eta bere historia luzea are gehiago luzatzeko.
- Adina: 53 urte.
- Ikasketak: azkar utzi nituen, amari gasolindegian laguntzeko.
- Lanbidea: gasolina saltzailea
- Gasolina saltzailea ez banintz... Ez dakit, baina tailer batean edo leku itxi batean, behintzat, ez dut imajinatzen neure burua.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... Paseatzea eta laneko kontuetatik urruntzea. Familiarekin egoteko aprobetxatzen dut, batez ere.