Zumaiako Mugimendu Feministak indarkeria matxistarekin eta ahalduntzearekin lotutako erakusketa antolatu du. Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren bueltan izango da, Alondegiko Oxford aretoan.
Uztailaren 24a bitarte, indarkeria matxistarekin eta ahalduntzearekin lotutako adierazpen artistikoak jaso nahi dituzte. Horretarako, #kontatu dinamikaren barruan jasotako lekukotzak erabili daitezkela jakinarazi dute, pieza artistikoak sortzeko oinarri moduan. Ilustrazioak, margoak, ikus-entzunezkoak, argazkiak, eskulturak, poesia, dantza edota musika piezak aurkeztu ahal izango dira, besteak beste, deialdira. Horretarako, nahikoa izango da zumaiafeminista@gmail.com helbidera mezua idaztea.
Kontatzetik osatze feministara
Iazko azaroaren 25aren harira #kontatu dinamika jarri zuten martxan. Norbere etxeko indarkeriak identifikatu ondoren, banaka bizitako indarkeria horien erro kolektiboaz jabetu ziren dinamika amaierako ekitaldian. Elkarren zaintzan, ahalduntzean eta osatze feministan jarriko dute arreta oraingoan: "Baditugu tresnak, elkarren babesa dugu. Eta aurtengo azaroaren 25ean tresna horietan jarri nahi dugu arreta. Adierazteko modu desberdinetan, autodefentsa feministan, ahizpatasunean, zaintzan, ahalduntzean. osatze feministan".