Emakumezkoen txapelketa jokatu dute lehenbizi. Zumaiako ontzia bigarren txandan aritu da, Hibaika eta Tolosaldearekin batera. Errenteriarrek irabazi dute bere txanda eta bigarren izan dira Telmo Deuneko gorriak; Tolosaldea atzean utzi dute. Ez hori bakarrik, hirugarren txandan aritu diren Euskotren ligako bi ontzi, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra, utzi ditu atzean Zumaiak sailkapen orokorrean.
Hala, emakumezkoen Gipuzkoako txapelketa Oriok irabazi du, Hondarribia izan da bigarren, Hibaika hirugarren, eta Zumaia laugarren.
Ondoren, gizonezkoen txapelketa jokatu dute. Zumaiako Telmo Deuna bigarren txandan aritu da Zarautz, Getaria eta San Juanekin batera. Txanda Zarautzek irabazi du eta bigarren sailkatu da Zumaia. Hirugarren txandan aritu dira Eusko Label ligako lau ontzi gipuzkoarrak, eta laurek denbora hobea egin dute. Hala ere, aipatu behar da hirugarren txandan aritutako San Pedro sei segundo besterik ez dizkiola atera Zumaiari.
Oriok irabazi du txapelketa, Hondarribia izan da bigarren, Donostiarra hirugarren, Zarautz laugarren, San Pedro bosgarren eta Zumaia seigarren.