800-900 lagun inguru aritu dira eskubaloian mende erdi honetan, Zumaian. Historia honek baditu bere aitzindariak, eta Zumaiako lehen eskubaloi taldean aritutako lagunak omendu dituzte gaur, Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian.
Pulpoko presidente Joxemi Antiak deitu ditu banan-bana, eta zapi bana jarri diete lepoan. Espainiako txapelketa irabazi zuten emakumeek jarri dizkiete zapi hauek. Omenduetako batzuk falta ziren; beste batzuk zendu ziren, Blanco eta Izagaren kasu, eta haien emazteek jaso dute oroigarria. Gehientsuenak, ordea, bertan izan dira, harro egindako lanarekin.
Antiak gogoan izan ditu, bereziki, omendutako bi lagun: Juan Mari Artetxe, taldea sortzen lagundu zuen herritarra, eta Ramon Gurrutxaga, lehen talde hartan jokalari moduan ibili eta gaur egun, 50 egun geroago, entrenatzaile bezala jarraitzen duena.
Zumaiako eskubaloiak badu etorkizuna, eta orain pare bat aste hondartza-eskubaloiko Europako txapelketa irabazi zuen Ainhoa Larrañaga gazteari txapela jarri diote.
