Goikoetxeak eta Lopezek Gernikako Grand Slameko finalerdiak jokatuko dituzte

Baleike 2019ko uztailaren 29a

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez Gernikako Grand Slameko finalerdietara pasa dira beraien multzoetako buru bezala. Finalaurrekok datorren larunbatean jokatuko dira Gernikako katedralean.

Giro ederrarekin jokatu ziren lehen faseko azken partidak Gernikako pilotalekuan. Jaialdiko lehen norgehiagokan Beaskoetxea eta Lopez, Egiguren eta Aimarren aurka neurtu ziren. Gorriz jokatu zuten Beaskoetxeak eta Lopezek ez zieten aukerarik eman urdinei.

Gorriak nagusi izan ziren lehen tantoetatik, eta 9-0 jarri ziren aurretik markagailuan. Nagusitasunaren erakusle da lehen seta 15-4 emaitzarekin bukatu zela Beaskoetxearen eta Lopezen alde. Bigarren seta ere antzera hasi zen (3-0, 9-1, 11-2). Egigurenek eta Aimarrek erreakzioa izan zuten, eta 14-10 emaitzarekin hurreratu zuten. Baina beranduegi zen, eta 15-10 emaitzarekin irabazi zuten partida Beaskoetxeak eta Lopezek.

Bigarren partidan Goikoetxea eta Lekerika, Hormaetxea eta Aldazabalen aurka aritu ziren. Lehen setean erraz nagusitu ziren Goikoetxea eta Lekerika (6-2, 7-3, 8-4, 10-6 eta 15-8). Bigarren seta lehiatuagoa izan zen, eta berdinketak izan ziren 7. tantora arte. Seta, baina, 15-10 emaitzarekin amaitu zen Goikoetxea eta Lekerikaren alde.

Lehen fasea amaituta, beraien multzoetako lehen postuan amaitu dute bi zumaiarrek. Finalerdiak larunbatean jokatuko dira, Gernikan: Goikoetxea eta Lekerika, Barandika eta Ekhiren aurka arituko dira, eta Beaskoetxea eta Lopez, Hormaetxea eta Aldazabalen aurka.

Lopez finalista Lekeition

Lekeitioko Masters serieseko finalerdiak jokatu zituzten atzo, eta Imanol Lopez zumaiarrak finalerako txartela lortu du. Txapelketako azken bi edizioetako irabazleek, Zulaikak eta Lopezek, Hormaetxea eta Aimar izan dituzte aurkari hiru setetan erabaki den finalerdian: 15-10, 12-15 eta 5-1.

Finala datorren igandean jokatuk dute Erik-Aldazabal eta Zulaika-Lopez bikoteek.

Imanol Lopezek Miarritzen jokatzen den Urrezko eskularrua txapelketako partida izango du gaur, 21:30etik aurrera, Euskal Jai pilotalekuan. Olharekin bikotea osatuta, Erkiaga-Minvielle bikotearen aurka arituko da. Beste multzoan, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Inzak finalerako txartela lortu dute jada.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide