Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Abesbatzaren erronka errimatua

Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 31a, 09:33

Erronkak maite dituen musika taldea da San Pedro Abesbatza. Ohikoa duen errepertoriotik ihes egin nahian, estilo eta sonoritate berrietara zabaltzeko grina du Amaia Aldalurrek zuzentzen duen abesbatzak. Hala erakutsiko du abuztuaren 1ean, Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan, emango duen Doinu zahar, kantu berri kontzertuan.

“Urteko gure erronka nagusia Zumaiako Musika Jaialdian ematen dugun kontzertua da”, dio Iker Gonzalez Cobeagak, San Pedro Abesbatzako kideak. Aurtengo kontzertuan bertsoak eta musika uztartuko ditu koroak. “Amaiak gogoratu zuen behin Joanito Dorronsoro Ikastolara joaten zela bertso eta abesti zaharrak erakustera. Hori barrenean geratu zitzaion Amaiari”. Hari horri tiraka sortu zen abuztuko kontzertuaren ideia.

Ikuskizunak bertsoen eta abestien arteko bidaia proposatzen du. Modu ezberdinetako jantzi musikalekin, bertsolaritzan erabili diren hainbat doinuen errepasoa egingo dute. “Abesbatzara moldatutako bertsoak abestuko ditugu”, dio Gonzalezek. “Abesti ezagunak dira; askok ez dute pentsatuko horien atzean bertsoak daudela, baina hala da”.

Emanaldirako ideia sortu zenean bilatze lanetan murgildu ziren San Pedroko lagunak. “Pentsa daiteke material dezente egongo dela, baina ez da hala”. Dorronsoro beraren laguntza jaso zuten. “Zumaian kokatutako bertso zahar batzuk eman zizkion Amaiari. Horien artean Resurreccion Maria Azkuek bildutako batzuk zeuden, eta horietako hirurekin abesti bat sortu dugu”. Bertso zahar eta berriez osatutako emanaldia izango dela dio Gonzalezek. Abeslari berak Errenteriako Landarbaso abesbatzarentzat sortutako bi obra ere abestuko dituzte kontzertu honetan.

Pertsonen bizitzak irudikatuz, haurtzarotik heldutasunerako bidaia planteatzen dute kontzertu honetan, eta denboran, musikan eta bertsolaritzaren historian egingo duten bidaia honetan lagunak izango ditu. Batetik, Maria Zubimendi zumaiarra kide duen Trio Zukanek kolaboratuko du obra batzuetan. “Aukera oso polita da beraiekin kolaboratzeko, eta sonoritate berriekin jokatzeko”. Ohiko kolaboratzaile duten Mari Carmen Azpeitiak ere parte hartuko du pianoarekin. Bertsoak protagonista diren emanaldi honetan ezin bertsolaririk falta. Amets Arzallus izango da abuztuaren 1ean Aitzuriko agertokian. Aurkezle lanak egingo ditu, abesbatzarekin ere kantatuko du obra batzuetan, eta, nola ez, bertso batzuk ere kantatuko ditu.

Talde edo jende berriarekin kolaboratzea, eta estilo berriak jorratzea, aberasgarria dela uste du Gonzalezek, bai entzuleentzat, eta baita abeslari beraientzat ere. “Kanpora joaten garenean gure errepertorioko lanen eta estiloen aukeraketa egiten dugu. Baina herrian jo behar dugunean zerbait desberdina egin nahi izaten dugu. Estilo desberdinetatik eta beste taldeekin egiten dituzun elkarlanetatik asko ikasten da”.

Kontzertua 22:00etan izango da Aitzuri frontoian. Sarrerak aurrez salgai izango dira turismo bulegoan, 10 euroan. Egunean bertan Aitzuriko leihatilan erosi ahal izango dira 12 euroan. Haurrentzako sarrerak 4 euroan izango dira salgai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide