Erretratua

Plaza bermatzen duena, plazara. Miriam Romatet, kulturaren talaiatik herriari begira

Julen Aperribai 2019ko abu. 25a, 10:27

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

30 urte egin ditu Miriam Romatetek Zumaiako Udaleko kultur teknikari lanetan. Herriko kultur programa osatzen eta udal baliabideak kudeatzen aritzen da, herritarrekin, sortzaileekin eta politikariekin etengabeko harremanean. Ofizioaren eta Zumaiako kultur eskaintzaren inguruan aritu da Baleikerekin.

Herriko kultur eragileen, sortzaileen eta Udalaren artean bada espazio bat bete beharrekoa, kultur agenda iraunkor eta partekatua izan nahi bada. Udaleko Kultura sailak betetzen du espazio hori, eta kultur ekitaldien antolakuntza eta horretara bideratutako espazioen eta baliabideen kudeaketa ditu bere lanaren ardatz nagusiak; ez dira bakarrak, ordea, bestelako eginbeharrak ere izaten baitira, Kultura sailak Alondegian duen bulegoan kudeatu beharrekoak. “Hemen jende pila bat ibiltzen da”, dio Miriam Romatetek, bulegoari begira. Hark jarri ohi dio sailari aurpegia, Zumaiako Udaleko kultur teknikaria baita. 30 urte daramatza hala izaten.

“Gehiegi pentsatu gabe” hasi zen lanbidean, aitortu duenez: “Irakasle ikasketak egin nituen, eta, gutxira, kultur suspertzailearen lanpostua atera zen Zumaian. Orduan irakaskuntzan nuen burua, baina aurkeztu egin nintzen eta hala hasi nintzen. Akorduan dut sanpedroen bueltan zela. Pirinioetara joaten ginen garai hartan Inda Mendi elkartearekin, eta apunteak hartuta joan nintzen urte hartan. Ez nituen zabaldu ere egin, noski”. Ordurako aritua zen herriko kultur elkarteei laguntzen. “Sarrerak saltzen, kartelak egiten eta halakoetan aritzen ginen, behar zenean. Nik uste dut horretan zerikusi handia izan zuela Ikastolak eta bertan lan egiteko moduak”. Urteroko zinema jaialdiaz eta zine forumaz gain, jaietatik kanpo antolaturiko kultur ekitaldirik ez zegoen ia orduko Zumaian. Akuilu lanean gogoratzen du bere burua Romatetek garai hartan, kultur elkarteei laguntza eta proposamenak eskatzen. Inazio Tolosak “herriko eragileak astintzen” egindako lanak erraztu zion bidea, dioenez. Orduan kultur eragileek egindako lana nabarmendu du: “Haien proposamenak dira gaur egun bultzatzen diren asko”.

Programazioa asko zabaldu da ordutik. Diziplina eta espresio bide berriak egonkortu dira Zumaian, eta kultur eskaintza urte osora hedatu da. “Gehiegizkoa” ere izaten da data jakin batzuetan, Romatetek onartu duenez. Egutegian gorriz markatutako data horien artean daude herriko jaiak, eta horien antolakuntza lan mardula izaten da Kultura sailean. Izan ere, beste herri batzuetan ez bezala, Kultura sailaren gain dago lan hori Zumaian. Romatet: “Denbora eta energia asko kentzen digu jaiak antolatzeak. Nekagarria da, baina, aldi berean, egia da jaien barruan kultur ekitaldiak izaten direla, eta jaien bidez jendearengana iristea errazagoa dela”.

Herritarrak, hurbil

Etengabeko harremanak ezaugarritzen du kultur teknikariaren lana, izan politikariekin, herritarrekin nahiz sortzaileekin. “Koordinazioa izaten da lanaren zati handi bat, bitartekari lana egitea” zehaztu du Romatetek. Herriko eragileek Kultura saila hurbil sentitzen dutela uste du. Hala ere, dioenez, badira Udalak egindako deialdietara joaten ez diren herriko eragileak: “Beti izaten dut kezka, zentzu horretan. Jende batek ihes egiten digu”. Elkarteen eta eragileen arteko elkarlana ere bultzatu izan du Udalak, eta, bultzatu beharrik gabe ere, bide hori egin dute eta egiten dute herriko eragileek gaur egun ere. Adibidetzat jarri du Dardara kolektiboak, Astindu dantza taldeak eta San Pedro abesbatzak datozen gabonetara begira Queen taldearen inguruan prestatzeko asmoa duten ikuskizuna. Harreman pertsonalek eta parte hartzeko mekanismoak eskuragarri jartzeak ahalbidetzen dituzte horrelakoak, Romateten ustez. Horregatik, uste du legealdi berrian Kultur Mahaia eta Musika Mahaia berreskuratu behar litzatekeela.

Halako erabakiak, ordea, politikarien esku izaten dira, normalean. Udal Gobernuaren aldaketak kultur arloan nola eragingo duen ikusteko dago. Edonola ere, udal aldaketetara ohituta dago Romatet. “Batzuekin besteekin baino hurbilagoko tratua izan dut, baina nik uste dut, orokorrean, saiatu naizela politikak ez nazan gehiegi baldintzatu”. Programazioan ez dute politikariek askorik esku hartzen, haren arabera, nahiz eta agenda bere interesaren arabera mugatu izan duenik ere ezagutu duen, hainbeste urtetan.

Erraz pilatzen dira proposamenak Kultura sailaren helbide elektronikoan. “40 bat mezu jaso ditzaket egun bakarrean”, dio Romatetek. Gustukoa du sortzaileekin egotea, nahiz eta onartu nahi adina denbora ezin izaten diola eskaini beti eginkizun horri. Proposamenen zerrenda luzeak hainbat galbahe pasatzen ditu, plazaratu aurretik. Euskarazko jarduerek izaten dute lehentasuna, eta asko laburtu ohi du horrek zerrenda. Bestalde, herriko sortzaileen lanak ikusarazten ahalegintzen dira. Aholkulari lana egin dezaketenengana ere jotzen dutela aitortu du Romatetek, alorraren arabera. Programazio “orekatua” osatzen saiatzen direla dio, zentzu guztietan: “Proposamen ausartak ekartzen ditugu, alde batetik, baina baita bestelakoak ere, jendeari iristen errazagoak izango direnak. Zer den irisgarria ere eztabaidagarria da, baina oreka hori mantentzen saiatzen gara”.

Saiatzen dira, era berean, sortzaileen lana baloratzen eta baldintza duinak eskaintzen. Izan ere, haien lanari hertsiki loturiko zerbait izan ohi da prekarietatea. Horren kontziente da Romatet, baina horri aurre egiteko kultura babesteko neurriak behar direla azpimarratu du, udal baten eskumenetik harago daudenak. Baita gizartearen kontzientziazioa ere: “Iturgin baten faktura ez dugu eztabaidatzen, baina, aldiz, astakeria irudituko litzaiguke bost laguneko talde batek 2.000 euro kobratzea kontzertu bat emateagatik”.

Gazteak, urruti

Bada kultur eskaintzarik Zumaian, eta erreferentzialtasuna ere lortua du herriak alor batzuetan; antzerkigintzan, esaterako. Herrenago ikusten ditu beste diziplina batzuk Romatetek; musika, kasurako. Aldiz, eskaria eskaintza adinakoa ote den ezin da hain erraz baieztatu.

Jende jakin batek beti erantzuten duela uste du Romatetek, baina publikoaren zahartzea kezka iturri da harentzat: “Gazteak kultur jardueretara gerturatzeko zailtasunak ditugu; baita ustez haientzat erakargarriagoak izango direnetara ere, kontzertuetara-eta”. Publikoan ez ezik, joera hori nabari du kulturgintzan jarduten duten eragileetan ere: batzuen zahartzea eta besteen errelebo falta. “Ez dakit den daudenek ez dutelako utzi nahi edo atzetik ez datorrelako inor, baina kezkagarria da”, ohartarazi du.

Kulturak herrian duen pisuaren araberakoa izan ohi da, hein batean, bertako herritarren parte hartzearen maila. Kirolarekin alderatuta, esaterako, bigarren mailan nabari du kultura Miriamek. “Nor ez da igaro noizbait kiroldegitik, ikastaro bat egitera edo dena delakoagatik? Eta, aldiz, herri honetan bada jendea oraindik liburutegia zapaldu ez duena. Leku guztietan dago kirola, eta horretara bultzatzen gaituzte”. Udalaren eskumenetatik haragoko arazotzat ikusten du hori, ordea, hezkuntzatik eta gizarte moduan erantzun beharreko afera gisa.

  • Adina: 52 urte.
  • Ikasketak: Irakasle ikasketak.
  • Lanbidea: Kultur teknikaria.
  • Kultur teknikaria ez banintz... irakaslea.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... nire lanarekin lotutako gauzak, zoritxarrez. Horrez gain, bidaiatzea asko gustatzen zait. Paseatzea ere bai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide