Moilatik, marearekin batera abiatu gara ibaian gora; Zubiaundia, Zubiberria eta Trenzubia pasata, ibaia zabaldu egiten da Usurbiribillaga aldean, isletan, eta badago halako lasaitasun eta bakea, birikak betetzeko modukoa. Beduan, batzuk oraindik bazkaria amaitzen ari dira, eta Beduako zubia pasata, autopistaren zaratarekin joan gara Konderaino, eta handik berriz ere lasai-lasai, Oikiako erriberen ondotik, Mantzizidorreraino. Ziaboga hartu, eta beti errazago egiten da behera. Harrigarria zer zikina dagoen ibaia paraje batzuetan, ur gaina koipez beteta, eta nahi gabe ere buruak dio "zer ederra litzatekeen hau guztia garbi-garbia egonez gero!"; araztegiaren parean, uretako bi motor, eta bat jolasean aritu da, soka batekin beste ontzi bati tiraka, arrastaka; akabo bakea eta lasaitasuna. Bagatoz berriz ere zibilizaziora.