Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu zuten atzo, asteartea, Azkoitian. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen nahiz jarduera berritzaileak sustatzeko ematen diren sariak dira horiek, bi urtetik behin antolatzen dira eta sariketaren helburu nagusia da landa eremuko ekintzailetasuna areagotzea eta han sortzen diren proiektuak ezagutaraztea eta bultzatzea. Aurkezpenean izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria eta Miguel Lozano Hazi Fundazioko teknikaria.
2019 eta 2020 urteetan Urola Kostan garatzen ari diren edo amaituko diren proiektuak nahiz ideiak aurkeztu ahal izango dituzte sariketara lehiakideek. Erakundeek, elkarteek, partikularrek eta sektoreko enpresek parte hartu ahalko dute bertan, eta urriaren 21etik azaroaren 21era arte izango da lanak aurkezteko epea, Urkomeren bulegoan. Proiektuak aurkezterakoan, batetik, norberaren datuak aurkeztu beharko dira; eta bestetik, proiektuaren informazioa. Honako lotura honetan ikus daiteke proiektua aurkezteko eredua.
Seigarren edizioko sarien artean berrikuntza bat dago. Izan ere, lehen aldiz landa eremuko emakume ekintzailea saria emango dute. Gainontzeko bost sariak, honako hauek izango dira: nekazaritza jardueraren sustapena, landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena, landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea, landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea eta Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarrekin emango duten saria. Antolatzaileek atal bakoitzean 2.000 euroko saria banatzea aurreikusten dute. Horrez gain, partaidetza areagotzeko xedearekin, boto bidez emango den saria ere izango da aurten. Proiektuak aurkezteko 300 karaktere dituen laburpena aurkeztu beharko da. Azaroaren 29tik sarien banaketako egunera bitartean —abenduak 5— izango da poriektu horiei botoa emateko aukera Urkomeren webgunean. Sariaren irabazleak eskualdeko produktu sorta eskuratuko du.
Urola Kostako Hitzak eman du honen berri. Hemen irakurri daiteke albistea.