Zumaiako parrokiako kideak Erroman izan dira

Baleike 2019ko urriaren 24a

Zumaiako San Pedro parrokian aritzen den talde bat Erroman izan da azken egunotan. Juan Pablo Aroztegi parrokoa buru dutela, Vatikanoan izan dira, besteak beste, Zumaiako, Artadiko eta Aizarnazabalgo parrokietako lagunak.

Aroztegi berak adierazi duenez, Erromako periferiako parrokia batean izan ziren igandean, San Cirillo Alessandrino parrokian, hain zuzen ere. "Auzo apal eta langile batean dago, etorkinen presentzia handia duena. Ekonomikoki eta sozialki egoera larria bada ere, kristau elkarte honek bihotz zabalez eman digu harrera. Elkar ezagutu eta otoitz egiteko aukera izan dugu. Zumaiara etorri aurretik bi urtez egon nintzen parrokia honetan, apaizgorako prestatzen, hortik sortu da topaketa hau".

Vatikanora hurreratzeko aukera ere izan dute katekistek. "San Pedro gure patroiaren hilobia bisitatu eta kristautasunaren sustrai apostolikoak gertutik ukitzeko asmoarekin", joan direla aipatu du Aroztegik.

Vatikanoan zirela, Aita Santuarekin topo egin eta bere katekesi bat entzuteko aukera ere izan dutela esan du parrokoak.

Parrokiako arlo desberdinetan aritzen den taldea joan da Erromara: katekistak, Caritasekoak, gaixoen pastoralekoak, garbikuntzakoak, liturgoakoak, etab.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide