Hitz-aspertuan aritzeko hizketagai erabiliena izango da, segur aski. Igogailuetan ematen diren azaleko elkarrizketetan ohikoa da eguraldiaz hitz egitea, izan ordura artekoaz edo hurrengo ordu eta egunetarako iragarritakoaz. Isiltasun deserosoak hausteko balio die mintzakideei, hitzak neurtzen ibili beharrik gabe. “Azken batean, denoi eragiten digu eguraldiak”, azaldu du Naiara Barredok.
Besteei baino gehiago eragiten dio berari, ordea. Euskalmeteko langilea da, duela hiru urtetik. Eguneroko lana du eguratsean ematen diren aldaketak begiratzea eta eguraldi iragarpenak egiteko beharrezkoak dituzten neurgailuak aztertzea. Lanaren zati bat informazioa jasotzea eta datuen interpretazioa egitea izaten da, baina, horrekin batera, informazio hori zabaltzen aritzen da. Irrati konexioak egiten ditu; EITB taldeko irratietan, batez ere, baina baita beste zenbaitetan ere. Horrez gain, sare sozialak eta webgunea elikatzen jarduten du. Hedabideekin eta larrialdi zerbitzuekin zuzeneko harremana izaten dute Euskalmeteko langileek, era berean.
Meteorologia ez du inoiz bokaziozkoa izan Barredok, nahiz eta onartu duen beti izan duela harekiko interesa. Unean uneko erabakiak hartzera ohituta dago, azaldu duenez, eta hala heldu da meteorologiara. “Inoiz ez dut argi izan zer izan nahi dudan, eta momentuan momentuko erabakiak hartuz egin dut bidea”, zehaztu du. Zientziaren bueltan aritu izan da beti. Ingurugiro zientziak ikasten hasi eta gutxira, uztea erabaki zuen. Fisika orokorra ikasteari ekin zion hurrengo urtean, ordea. Energia berriztagarrien inguruko masterra egin zuen Madrilen, gradua amaitu ostean. Denboraldi labur bat Zumaian egin eta gero, doktoretza bat egiteko aukera sortu zitzaion; Madrilen, hori ere. Doktoretza erdibidean zuela izan zuen Euskalmeteko lanaren berri. “Ezagun batek esan zidan norbait behar zutela. Aurkeztu egin nintzen, lana azaldu zidaten eta gustatu egin zitzaidan. Elkarrizketatu egin ninduten, eta haien baiezkoa jaso nuen”, gogora ekarri du.
Hasieratik, irratira
Eginbehar nagusietako bat irratietako konexioak egitea izango zela hasieratik jakin zuen, bai euskarazko irratietan, baita gaztelaniazkoetan ere. Dena den, onartu duenez ez zekien “lan horrek halako pisua izango zuenik”. Izan ere, egun bakarrean 15 irrati konexio egin ditzake. Irratian sekula aritu gabea izanik, erronka handitzat zuen lanaren aspektu hori Barredok. Ondo gogoan ditu lehen egunetako beldur eta lotsak: “Egutegi bat eman zidaten, eta zuzeneko lehen irrati konexioa noiz izango nuen esan zidaten. Data hura buruan nenbilkien, eta, eguna hurbildu ahala, are gehiago urduritu nintzen”.
Hasierako beldurrak atzean utzita, irratian aritzeari neurria hartu eta garrantzia kendu dio. “Lanaren parte da, eta eguneroko errutinaren barruan egin beharreko lan bezala ikusten dut orain”, adierazi du. Konfiantza hartzeak disfrutatzeko aukera eman dio, era berean: “Gustukoa dut lana. Egun denak ez dira berdinak, eta batzuetan besteetan baino gusturago geratzen naiz konexioekin, baina, orokorrean, lan polita da”.
Norbere kezkak eta beldurrak alboratzeaz gain, irratiak bereak dituen komunikazio kodeetara ere egokitu behar izan du Barredok. Lankideen gomendioak izan ditu lagun, batez ere. Irratien aldetik askatasun handia nabaritu du, zentzu horretan. Ahoskeraz edo erregistroaz ezer gutxi aipatu izan diote, eta Barredok berak hartu dio neurria hedabideari, bere kasa. Era berean, irratiko gainerako esatariengandik ikasten saiatzen dela dio. Hasieran baino solteago nabari du bere burua orain: “Hasieran, ia irakurri egiten nuen dena. Orain, saiatzen naiz gauzak nire erara esaten”.
Erabateko zehaztasunik ez
Ziurtasuna eskatu ohi du eguraldi iragarpenetara jotzen duenak, eta, sarritan, ziurtzat jotzen ditu iragarpenean esandakoak. “Esaten dena ez da hain matematikoa, hain zehatza”, ohartarazi du Barredok, ordea. Zabaldu beharreko informazioa eredu meteorologikoetatik ateratzen dute Euskalmeteko langileek. Ereduak matematikoak dira, baldintza meteorologikoak aldatu ahala, berritu egiten direnak. Ereduei emandako datuek baldintzatzen dute eredu horietatik ateratzen den emaitza. Emandako datuek beti izaten dute “errore txiki bat”, ordea, Barredok azaldu duenez: “Gipuzkoako puntu guztietako datuak ezin ditugu izan, adibidez. Puntu batzuetakoak izaten ditugu, horietan estazioak dauzkagulako. Hortaz, datu horiek ez dira guztiz zehatzak, eta hor dagoen errore txiki hori egongo da ondorengo emaitzan ere”.
Errore hori, huts tarte hori, berea du meteorologiak, eta hori aintzat hartu eta eredu desberdinen artean interpretazioak egitea dagokie lantzen dutenei. Iragarpena zenbat eta denbora tarte txikiagora egin, orduan eta seguruagoa izango da, Barredoren arabera: “Gaur egun, norbaitek esaten badizu hemendik astebetera edo bi astetara zer eguraldi egingo duen Zumaian, adarra jotzen ari zaizu”. Mugikorretako aplikazioek eman ohi dituzte halako iragarpenak, baina hain epe luzera begira egindako aurreikuspenak ez dira oso fidagarriak izaten, Barredok ohartarazi duenez. Beste era bateko kalkuluetan oinarritzen dira, dioenez, eta ez dira oso seguruak izaten.
Edonola ere, teknologiaren hobekuntzek asko erraztu dute meteorologoen lana azken urteetan. Lan horretan daramatzan hiru urteetan aldaketa nabarmenik ez du nabaritu Barredok, baina ereduak asko hobetu direla ziurtatu diote lankideek. Datozen urteetan izango diren aldaketak bertatik bertara jarraitzeko asmo argia du, oraingoz. Hedabideei begira ematen du lanaldiaren zati handi bat, eta, ondo bidean, hala jarraituko du. Hala ere, beste alderdiak, zientziari lotuagoak, ere erakartzen duela aitortu du: “Komunikazio alorra nahikoa asetuta daukat, eta beste aldea ere gustatzen zait: gauzak aztertu, mapak begiratu, ikerketa berrien inguruko lanak irakurri… Hala ere, momentuz, ez dut aurreikusten aldaketa handirik”.
- Naiara Barredo
- Adina: 35 urte.
- Ikasketak: Fisika.
- Lanbidea: Meteorologoa.
- Meteorologoa ez banintz… Inoiz ez dudanez jakin zer izan nahi dudan, ez daukat ideiarik, baina ingurumenarekin lotutako zerbaitetan ariko nintzateke, seguruena.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Pilates eta yoga saioetara joaten naiz, erlaxatzeko asmoz. Asteburuetan, berriz, kontzertuetara joatea gustatzen zait.