Hondartzetako sorospen zerbitzuen kudeaketa eta Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikinaren gaia landu zituzten pasa den ostegunean, azaroaren 31ean, egin zen ohiko osoko bilkuran, udaletik jakitera eman dutenez.
Udal plenoak aho batez onartu zuen 2019ko 19. kreditu aldaketa, 280.000 euroko diru-partida erantzukizuneko kreditu bidez erabiltzea ahalbideratuko duena. Kreditu aldaketa honen bidez, Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikinaren gauzatzerako esleipen prozesua martxan jarri ahal izango du Zumaiako Udalak, aurrekontuen onarpenaren zain egon gabe. Zehazki, Santiago hondartzako sorosleen, komunen eta aldagelen zerbitzua emateko beharrezko lanak egiteko esleipen prozesua jarriko dute martxan.
Osoko bilkurak hondartzetako sorosle zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzeko eskatzeko mozioa ere landu zuen, EH Bilduren proposamenez. EH Bilduren aldeko bederatzi botoekin, eta EAJren (7) eta PSEren (1) abstentzioarekin onartu zen mozioa.