'Itsas Zaporeak' dastatzeko aukera dago oraindik ere azaroa amaierara arte

Baleike 2019ko azaroaren 16a

Azaroko azken igandean Orioko eta Getariako itsas zaporeak dastatzeko aukera izango da Kosta Gastronomika  Urola Kostako turismo eskaintzaren baitan sortutako ekimenean. Hilabetean zehar, igandero, eskualdeko herri bakoitzean esperientzia bat eskaini dute.

Hilabete hasieratik, igandero, Urola Kostako Udal Elkarteko bost herrietako bakoitzean itsasoarekin lotutako esperientzia bat ari dira eskaintzen Itsas Zaporeak ekimenaren harira. Besteak beste, Urola Kostak gastronomian duen aberastasuna balioan jarri nahi dute egitasmoaren bitartez.

Azaroa aurrera doa, eta zabaldu dute izen-ematea datozen bi igandeetarako antolatu diren bi  esperientzia gastronomikoetarako. Esperientzia gastronomiko guztiak erdi prezioan eskainiko dira; eta 12 urtez azpikoek doan izango dute bisitez gozatzeko aukera. Gehienez, 15 pertsonentzako lekua dago ekimen bakoitzeko, eta aldez aurretik izena eman da eskualdeko turismo bulegoetan. Orain arteko esperientzia guztiak bezala, azken hirurak ere eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin aberastuko dira.

Hilabeteko azken iganderako antolatu dituzte bi esperientziak. Alde batetik, Bisigua Orio Estilora! dastatzeko aukera egongo da. Bisitan, arraina era horretara prestatzeko sekretu guztiak ezagutuko dira, eskualdeko erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Errezetaren historia eta jakingarri guztiak erakutsiko dira. Txakolinarekin lagunduta, bisigua dastatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, eguerdiko 12:30ean hasita. Ordubete inguruko esperientzia izango da, eta 17 euro kostako da.

Bestetik, Getaria izango da itsas esperientzien azken geltokia. Itsas kontserbak nola egiten diren ikusi eta ikasteko aukera eskainiko dute. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita gidatua, 11 euro ordainduta.

Erreserbak

Erreserbak ondorengo telefono zenbakietan egin daitezke:

-Getariako esperientzia: 943-14 09 57.

-Orioko esperientzia: 943-83 55 65.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide