Non zaudete?
Santa Cruz de la Sierran gaude, zehazki.
Urriaren 20an izan ziren Boliviako presidentetzarako hauteskundeak. MAS Movimiento al Socialismoko Evo Morales izan zen garaile, Carlos Mesa 10 punturekin garaituta. Hala eta guztiz ere, oposizioak “iruzurra” salatu zuen. Zein erreakzio izan zuen emaitzak jendartean?
Urriaren 20an, hauteskunde egunean, bozka zenbaketa hasi eta berehala hainbat bideo eta argazki zabaldu ziren. Bertan ikus zitekeen zerbait arraroa gertatzen ari zela; hau izan zen iruzurraren hasiera. Bideo eta argazki hauetan, argi ikusten zen nola hautetsontziak irekitzen ari ziren, eta etxeetan gordetzen. Zer esan nahi du honek? Milaka eta milaka bozka faltsu sartzen ari zirela ingongo kontrolik gabe. Hiritarrak beraien bozka defendatzeko asmoz deialdi orokor bat egin zuten. Bozka zenbaketa egiten ari ziren lekuan bildu ziren, hautetsontzien sarrera kontrolatu eta presioa egitera. Beraien lehen erreakzioa haserrea eta desengainu sentsazioa izan ziren Santa Cruz hirian.
Hauteskundeetarako bigarren deialdia egin zuen ondoren Moralesek.
Ez zen zehazki hala gertatu. Izan ere, urriaren 22an, sail ezberdinetako komite zibikoek (gehienak oso eskuindarrak), deialdi bat egin zuten geldialdi orokor bat eginez. Zer esan nahi du honek? Kaleetan hainbat blokeo antolatu zituzten hiritarrek Bolivia osoa geldiaraziz: lantegiak, unibertsitateak, enpresak, supermerkatuak, merkatuak... Guztia, estatuarenak ziren insituzio publikoak izan ezik. Bi astetara, beste deialdi bat egin zuten presioa handitzeko helburuz. Instituzio publiko guztiak hartzea erabaki zuten, Evo Moralesen gobernuak diru sarrera publikorik ez jasotzeko. Hiru aste intentsuren ondoren, Evok ezin izan zuen presioa jasan. Izan ere, OEAk iruzurra egon zela aditzera eman zuen; horrez gain, poliziak eta militarrak hiritarren alde jartzea erabaki zuten. Hau horrela izanik, Evo babesik gabe geratu zen eta orduan erabaki zuen bigarren hauteskundeetarako deialdia egitea, beste aukerarik ez zuelako.
Mesaren hitzetan, “ekintza herrikoia” izan da, eta ez estatu kolpea.
Guk ez dugu hain dikotomikotzat hartzen egoera, hau da, kontua ez da estatu kolpe bat egon den hala ez. Apur bat hobeto ulertzeko hemen gertatu dena
Evoren kandidatura ulertu behar da, izan ere, komunikabideek eta sare sozialek eman duten ikuspuntua interes politikotik besterik ez da izan. Ez dugu Evo lider ezkertiar heroi baten moduan ikusi behar. Nahiz eta bere ibilbideak hasieran ideia oso justuak aurrera eraman eta herri indigenen aldeko lege asko atera, hauek utopia batean geratu ziren. Adibidez, Evok indigena laborariei 50 peso ordaintzen zizkieten bere alde protestatzeko, eta hori gutxi balitz, ezezkoa ematean beraien burua eta familiaren segurtasuna arriskuan jartzen zuen gobernuak, mehatxu bidez. Hemengo legeak jarraituz, presidente batek debekatuta du bi aldiz baino gehiago hautagai izatea. Evo, ordea, laugarren aldiz aurkeztu zen, hau da, ilegalki.
Nola eragin du estatu kolpeak zuen egunerokoan?
Hemengo egoera ez da Europakoa bezalakoa izan, hau da, jendea ez dago politika ezkertiarraren edo eskuindarraren alde. Gehienek eskuindarra babestu dute indar gehiena zeukalako momentu horretan oposizio bezala Evo gobernutik ateratzeko, eta hori izan da beraien helburua uneoro. Oso koloniala iruditzen zaigu ohituta gauden koiuntura politiko europarretik Latinoamerikako errealitatea ulertzen saiatu eta iritzi bat ematea. Guk, hemengo errealitatea bizitzeko aukera izan dugu, baita hemengo hiritarren nahiz kolektiboen ikuspuntua ezagutzekoa ere. Iritzi ezberdinak entzuten eraiki dugu gure posizioa.
Gure egunerokotasuna etengabeko tentsio batean laburbilduko genuke. Izan ere, hasteko, ezin izan dugu unibertsitatera joan gure ikasketak bertan behera utzita. Ez genekien noiz arte iraungo zuen geldialdiak, nahiz eta bagenekien asko luzatzea ezinezkoa zela. Izan ere, hiritarren % 70ak baino gehiagok egunerokotasuneko lanaren bitartez bizirauten du. Honekin esan nahi duguna da, geldialdiak gehiago eragiten zietela hiritarrei gobernuari baino; eta hala ere, beraien eskubideak bermatzeko borroka iraunkor batean egon dira hiru astez.
Indar polizialen presentzia handia al da?
Santa Cruz hirian ez da presentzia polizialik egon, baina inguruetan, La Paz, Cochabamba, eta Sucren, esaterako, istilu ugari gertatu dira. Esan beharra dago ez dela polizia eta hiritarren arteko borroka bat izan, hiritarrek beraien artean izan duten borroka bat baizik. Bi bando sortu ziren, eta masistak (Evo Moralesen aldekoak) ordainduak izan ziren biolentzia eta liskarrak sortu eta bilatzeko. Hildako pertsona guztiak horren ondorio izan dira.
Zein giro somatzen duzue?
Evok bere dimisioa aurkeztu ondoren, hiritarren erreakzioa poza eta garaipen sentsazioa izan ziren. Hala ere, askok etorkizuneko gobernuari ez dio atentziorik jarri, beraien helburu bakarra Evo botatzea izan delako. Gure iritziz, izugarria izan da hiritarren lotura eta indarra gobernuari aurre egiteko, eta beraien eskubideak zapalduak ez izateko. Azken finean, bakoitzaren esfortzu pertsonalak ikaragarriak izan dira, lehen esan bezala, diru sarrerei uko egin baitie helburu orokor bat lortzeko asmotan.
Itzultzear egon zarete, baina bertan geratzea erabaki duzue.
Hasieran, geldialdia amaitzen ez zela ikusita, larritasun sentsazioa izan genituen, baita familiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen kezka ere. Horregatik, bueltatzea erabaki genuen, baina bi egun geroago Evok dimititu zuenaren albistea jaso genuen, eta hemen jarraitzea erabaki dugu. Urte osoa igaroko dugu, eta ez daukagu inongo beldurrik hemengo errealitate historiko hau gertutik bizitzen jarraitzeko.