Erretratua

Ardogintzan, mahastietatik urrun

Julen Aperribai 2019ko aza. 23a, 16:00

Ardoak urteekin hobera egiten duela dio esanak. Aspaldian ardoak kalitatean gora egin arren, behera egin du kontsumoan, Alfonso Iraundegi (Zumaia, 1960) ardo banatzailearen arabera. Lanbidearen inguruan mintzatu zen Iraundegi Baleikeren azaroko zenbakian; webgunera ekarri dugu orain.

Hegoaldeko lur idorretatik urrun ere aspaldi errotu zen ardoaren kontsumoa. Ardoaren kultura deitzen zaio gero eta sarriago edari horrekin zerikusia duen edozeri; izan, agian, kontsumo hitzak izan dezakeen adiera itxuraz negatiboa ezkutatzeko; edo, izan, akaso, ardo kopak eztarriratzeko ohitura kategoriaz igotzeko. Badu horretatik ardoaren inguruan eraikitako industriak. Alfonso Iraundegik itzulingururik gabe dio: “Ardoaren inguruan ergelkeria handia dago”. Bistakoa izanagatik, zentzu berezia du zehaztapen horrek, hark esanda. Izan ere, harreman estua du Iraundegik ardoarekin. Urteak daramatza herriko tabernak eta haietatik igarotzen direnen eztarriak ardoz hornitzen. Alta, apaltasunez mintzo da bere lanaz, ofizioaz propioa hitz egitera ohituta ez dagoenaren eran.

1980ko hamarkadako lehenengo urteetan hasi zen ardo banaketan, egun aritzen den leku berean. 1947 inguruan zabaldu zuen almazena haren aitonak, eta ondorengoekin hasi zen Iraundegi. “Gure osaba Fermin eta gure aita Alfonso hemen aritzen ziren, eta haiei laguntzen hasi nintzen ni. Udako egunak hemen igarotzen nituen”, dio, biltegi moduan erabiltzen duen lokalari begira. Ardo kaxak elkarren gainean pilatuta daude haren hormen artean. Ardoa da kaxen barruan dagoena, baina beste edozer ere izan zitekeen, kaxaren kanpoaldeko irudiek erakusten dutenarengatik ez balitz. Bestelakoa zen lekuaren itxura duela hamarkada batzuk. Kupelak eta barrikak zeuden orain kaxak dauden lekuan. Hornitzailea batetik bestera ibili beharrean, tabernariak eta herritarrak etortzen ziren bertara ardoaren bila, Iraundegik azaldu duenez: “Ontziratu gabe saltzen zen ardoa. 3.000 litroko bi kupel, gutxienez, bagenituen. Jendea bere ontziarekin etortzen zen hona. Iturria ireki, ontzia bete eta bueltan joaten ziren”. 

Tabernariak izaten ziren asko, baina bestelako herritarrak ere egun baino gehiago joaten ziren ardo bila biltegira, Iraundegiren arabera. Garai hartan, etxe gutxi izaten ziren bazkalorduan mahaian ardorik izaten ez zutenak. Kontsumoa handiagoa zen etxe barruan, baita kanpoan ere. “Gizonentzat sozializaziorako eremu naturala tabernak ziren, eta horietatik kanpo geratzen ziren emakumeak. Ardoaren bueltan elkartzen ziren gizonak, txikiteoan”, azaldu du Iraundegik.  Dioenez, noiznahi egiten zen txikiteoa: “Egunean bi aldiz ere egiten zen, lanegun normaletan: goizeko txanda amaitu ondoren eta arratsaldekotik ateratakoan”. 


Garagardoak merkatuari buelta
Ardoa asko edaten zen, eta ez zegoen edaririk hari konpetentzia egiteko. Agertu ziren pixkanaka, ordea, eta bat, nagusiki: garagardoa. Haren merkaturatzeak eta zabalkundeak ardoaren kontsumoa jaitsi zuen. Ohiturak aldatu egin ziren, eta, negozioa ohitura berri horietara egokitu artean, ondorioak nabaritu zituela aitortu du Iraundegik: “Garagardoa indartsu sartu zen, eta bestelako edariak ere gehiago kontsumitzen hasi zen jendea. Nabaritu nuen beherakada salmentetan”. Eskaintza zabaldu eta bestelako edari batzuk saltzea erabaki zuten edari hornitzaile askok, euren lanaren mesedetan. Ordura arte bezala, ardoarekin lanean jarraitu zuen Iraundegik, ordea. Eusteko modukoa izan zuen beherakada, eta ez zuen lan egiteko moduan aldaketarik planteatu. Are gutxiago orain, krisialdi txiki hartatik urte mordoxka bat igaro eta garagardoaren kontsumoa erabat egonkortu denean. Bizitza duina diruaren gainetik jarri ohi du, eta aski du horrekin, dioenez: “Lan eta esfortzu handia egin beharko nuke orain negozio eredua aldatu eta eskaintza gehiago egiteko. Niretzat denbora izatea eta lasai ibiltzea asko apreziatzen dut. Bizitzeko adina ematen dit oraingoz, eta horrekin gustura nago”. 

"Niretzat denbora izatea eta lasai ibiltzea asko apreziatzen dut. Bizitzeko adina ematen dit oraingoz, eta horrekin gustura nago"


Mundu lehiakorra
Ingurukoari gehiegi erreparatu gabe, bere-berean lan egitera ohitu da Iraundegi, urteetan ondutako errutina berari jarraika: “Goizetan banaketa egiten dut, eta tabernariei galdetzen diet ea zerbaiten beharrik baduten. Arratsaldean, bulegoko lan batzuk egin eta hurrengo egunean banatu beharrekoa prest uzten dut”. Upategi jakin batzuetako ardoa eskaintzen die tabernariei. Urteetan hornitzaile izan dituen berberekin egiten du lan, baina aldian behin ardotegi berriren bati ardoa hartzen dio. Eskaintza murritza baina segurua du, eta tabernarien beharrak asetzen ditu horrek. Edonola ere, ardoarena “oso mundu lehiakorra” dela dio. Upategien artekoa izaten da lehia, batez ere, baina baita, horren ondorioz, upategietako ardoa tabernetara eramaten dutenen artekoa ere. Herrian gutxi dira horretan aritzen direnak, baina onartu du mehatxua, izatekotan, herri barruko merkatuaren oreka aztoratzen dutenak izaten direla: “Ardoa saltzera jende asko etortzen da Zumaiara. Eskaintza handia dago, eta, azken urteetan ostalaritza arloan izandako gorakadarekin, eskaria ere bai. Batzuek edozer egiten dute bezeroak lortzeko”.

Turismoaren gorakadarekin, eta, horren ondorioz, ostalaritzaren indartzearekin, tabernetako bezeroen eskarietan ere eman da aldaketa. Ardo arrunta edanez tabernaz taberna ibili ohi zirenak gero eta gutxiago dira. “Ardo berezietara jotzen du jendeak, eta ez hainbeste txikiteora”, Iraundegiren arabera. Prezio altuagoko ardoak ohiko bihurtu direla uste du. Prezioetan igoerarik ez izatea komeni zaio Iraundegiri: “Saldutakoaren ehuneko bat jasotzen dut nik. Prezioa igotzen bada, zailagoa da besteekin lehiatzea”. Igoera nabarmenik ez da izan azkenaldian, ordea, baina azaldu du izaten denean ardo guztiei eragiten diela: “Pentsatzen dut upategiak elkarrekin ados jarriko direla prezioei dagokienez. Normalean, ardo guztien prezioak batera igotzen dira”. 

Kaleko kontsumoaren araberakoa da banatzailearen lana, eta lan gehiagoko eta gutxiagoko aldiak izaten ditu Iraundegik. Lan erritmo eramangarria izaten du normalean, eta konforme da horri eustearekin. “Negozioa mantentzea”, beste erronkarik ez dio jarri nahi oraingoz etorkizunari. “Ez daukat anbizio handirik. Negozio honi helduko dion inor ez dut inguruan, eta, erretiratzean, uste dut hemengoa amaituko dela”. 

Alfonso Iraundegi Lopez
Adina: 59.
Ikasketak: Aparejadore ikasketak hasi nituen Bartzelonan. Soldadutzara joan nintzen gero, eta, handik bueltan, hemen lanean hasi nintzen.
Ardo banatzailea ez banintz…: Ez dut inoiz horretan pentsatu. Bizitzak eta beharrak ekarri naute hona.
Lanetik ateratzean gogoko dut: Bizikletan ibiltzen naiz eta Pilatesera ere joaten naiz. Horrez gain, lagunekin kalean ibiltzea gustatzen zait.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide