Tratu txarren aurka, "tratu onak eta prebentzioa" proposatzen dutela adierazi dute ikasleek. Indarkeriarik gabeko bizitzak bizi nahi dituztela azaldu dute, eta elkarrenganako tratu onean hazi eta hezi nahi dutela, "eskolan, etxean eta kalean". Indarkeria matxista eta beste indarkeria mota guztiak baztertzen dituztela ere gogoratu dute. Hala, indarkeria mota hauek guztiak jasaten dituzten guztiei beraien gertutasuna erakutsi diete.
Konpromiso batzuk ere hartu dituzte gazteek. "Jokabide bortitz edo oldarkor guztiak errefusatuko ditugu (jazarpenak, burlak, bazterketak...) eta gure inguruan horrelako egoera bat somatzen dugunean salatu egingo dugu. Ez gara isilduko, isiltasunak konplize egiten gaitu eta", irakurri dute. Beraien arteko gatazkak "elkarrekin hitz eginez konponduko" dituztela ere adierazi dute, "jarrera baketsu eta tolerantearekin".
Tratu onak sustatzeko ikastetxeetan baliabideak jarriko dituzte adierazi dute, "eta Hezkuntzako agintariei eskatuko diegu gai hau berariaz lantzea hezkuntza-programetan". Beraien heziketa-jarduera aniztasunaren eta desberdintasunaren errespetuan oinarrituko dutela ere azaldu dute, "helburu garbi batekin: jendarte zuzen, aske eta parekide bat eraikitzen laguntzea".
Amaitzeko, 19:00etan Saregileen plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu dute Zumaiako herria.