Ofizio batzuetan besteetan baino hobeto ibili zen Jon Maia atzo Ilunben jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Utzi zuen hitz joko eta puntu aipagarririk; oro har, baina, ez zuen asmatu ideiak borobiltzerakoan, eta sailkapenaren behealderaino irrist egin zuen bere laugarren finalean.
Finala amaitu berri da. Nola baloratzen duzu gaur egindako lana?
Gaurko eguna ez da izan nik espero nuena. Ilusioarekin etorri naiz, txapelketa ondo bideratuta, asko gozatzen, saio politak eginda, eta jendearengan ere ikusi dut ilusio bat aurten nirekin, eman nezakeela finalean ere sorpresaren bat. Beraz, egin dudan saioarekin ez nago gustura, noski.
Zertan huts egin duzu?
Uste dut erdira arte, edo lehenengo laurdena ondo egin dudala. Lasai nengoen, eta konfiantza neukan. Baina erdi parean kolpea hartu dut puntuari erantzuterakoan. Ezustean harrapatu nau gaiak, alegia, litxarreriei buruz kantatzeak, eta ez naiz gai izan behar bezala erantzuteko. Gezurra dirudi, beteranoa naizelako, baina hor saiotik atera egin naiz, asko eragin dit, eta ez naiz gai izan berriz trenari eusteko. Jada kanpoan nengoen, eta bakarkakora iritsi naizenerako, bukatzea nahi nuen.
Hor atzetik, besteen lana baloratzea posible da?
Oso zaila da. Gainera, aurrenekoa izatea egokitu zait, ez da edozein zenbaki, pixka bat berezia da. Izkina batean zaude, eta zuk kantatzen duzunetik denbora asko pasatzen den sentsazioa duzu, eta saioan zehar apur bat deskonektatu egiten duzu. Besteen lanaz nahiago dut iritzirik ez eman, ziurrenik ez nukeelako asmatuko. Oholtzatik ez dut pertzepzio zuzen bat eduki besteen lanaz hitz egiteko.
Penarekin gelditu zara.
Bai, eta sentitzen dut ilusioa piztu dudan inguruko guztiengatik, ezin izan dudalako nirea eman. Sentitzen dut txapelketa polita egin ostean horrela amaitzea; oso zapore gozoa nuen, eta orain pixka bat gazia gelditu zait. Baina ikasten ari naiz; azken batean, txapelketa eta bizitza horrela dira. Garrantzitsua da horrelakoetatik ikastea, eta ziur naiz hurrengoan hobeto egingo dudala.