Gabon abestien lehiaketaren oinarrien berri eman dute

Baleike 2019ko abenduaren 17a

Hilaren 24an jokatuko da, Beheko plazan, Batzokiaren parean. Antolatzaileek 'Belengo herri polita' abestia hautatu dute parte hartzaileek abestu dezaten. 

Urtero bezala, Gabon abestien lehiaketa jokatuko da hilaren 24an, Erkibe elkarteak antolatuta. Beheko plazan izango da, Batzokiaren parean, 18:00etan hasita. Taldeak gutxienez lau haurrez osaturikoak izango dira, eta ohiturari jarraituz janzteaz gain, Jaiotza eraman beharko dute. 

Izen ematea zabaldu dute dagoeneko, eta hilaren 24ko arratsaldeko 16:00ak arte izango da horretarako aukera, Batzokian bertan. Bi abesti abestu beharko dituzte: antolatzaileek hautatutakoa bata -Belengo herri polita-, eta bestea, beraiek aukeratutakoa. 

Abestien mailan, hiru sari banatuko dituzte: 70 euro lehenengoari, 40 euro bigarrenari eta 30 hirugarrenari. Jaiotzen mailan, 40 euro jasoko ditu lehen sailkatuak, 25 bigarrenak eta 20 hirugarrenak.

Abestien mailan saririk jasotzen ez duten taldeek 15 euroko ordainsaria jasoko dute, eta jantzien eta Jaiotzen mailan, aldiz, 10 euro jasoko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, talde bakoitzak hautatzen duen Gabon abestiaren orijinaltasuna ere kontuan izango dute sariak ematerako orduan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide