Egutegirako argazkiak aukeratzerako orduan izan dute non aukeratu. Elkarretaratzeak eta, hileko lehen astelehenetan, manifestazioak egin dituzte pentsiodunek. Makina bat argazki zituzten eskutan, eta egutegiaren egileek adierazi dutenez, zailtasun handiak izan dituzte argazki onenak aukeratzeko. "Azkenean Distira argazki taldeko lagunei deitu behar izan diegu. Haiek ere ez dute erraza izan, bilduma benetan bikaina zelako", adierazi dute pentsiodun taldeko ordezkariek.
Pentsiodunek mahaia jarriko dute egun hauetan Erribera kalean egutegia saltzeko, eta herriko saltoki batzuetan ere salgai izango da. Posta elektroniko bidez ere erosi ahal izango da. Horretarako nahikoa da pentsiodunakborrokanpentsioduinakizanarte@gmail.eus helbidera mezu bat bidaltzea. Egutegia 15 euroan dago salgai. "Agian norbaitek pentsatuko du garesti samarra dela, baina kontuan hartu behar dute elkarretaratze bakoitzaren atzean azpiegitura handia dagoela. Hori ez dute ikusten, baina lan handia dago ekintza bakoitzaren atzean", nabarmendu dute pentsiodun taldeko lagunek.
2020ko egutegia erosten dutenen artean sari bat ere zozkatuko dute pentsiodunek: Benidormerako bi lagunentzako bidaia bat, hain zuzen ere. Horretarako txartel bat bete beharko dute erosleek.