Bizitza duinak, aldarri

Maria Maya Manterola 2020ko urtarrilaren 7a

Elkarretaratzea Zumaian, Saregileen plazan. (Zumaiako Jubilatu eta Pentsiodunen plataforma)

Bizitzaren kostuak goranzko joera nabarmena zuela, Espainiako Gobernuak pentsioak % 0,25 besterik igoko ez zituela iragarri zuen –legeak ezartzen duen gutxieneko kopurua, hain zuzen ere–. Pentsiodunen eta jubilatuen haserreak eztanda egin eta, dagoeneko, ia bi urte daramatzate pentsio duin eta publikoen aldeko borrokan. Abenduko Baleike aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren gobernuak hartutako neurri hori “adar jotzea” izan zela iruditu zitzaion orduan Iñaki Altzibar Zumaiako jubilatu eta pentsiodunen plataformako kideari. Uste du gerora mugimendu antolatu baten gisan gorpuztu zen horrek hasiera bitxia izan zuela. “Jendeari min egin zion, eta antolatuta egon ez arren, kalera irten zen pentsio publiko eta duinen alde borrokatzera”. Erantzun horrek “dinamika berezi bat” eman diola iruditzen zaio Pello Enparan plataformako kideari. Hala eta guztiz ere, lehendik ere jubilatuen eta pentsiodunen talde batzuk bazeudela gogoratu du Enparanek, Nagusilan edo Duintasuna, kasu.

“Hasieran pentsatu baino hobea” izan da mugimendu horrek Zumaian izan duen bilakaera, Enparanek aipatu duenez. Harekin bat dator Bittor Bengoa ere: “Astelehenero elkartzen gara, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Hori ez da ikusi herri askotan”. Batez beste, 90 edo 100 lagun elkartzen dira, baina 130 ere elkartu izan dira udan. Hileko lehenbiziko astelehenean, gainera, manifestazioa ere egiten dute herriko kaleetan.

Iazko apirilean, EAJk eta PPk pentsioak KPI adina igotzea adostu ondoren, Altzibarrek gogoratu du jende batek asteleheneroko hitzordura joateari utzi ziola. Igoera txikia izateaz gain –pentsioek 2,83 euroko igoera izan zuten batez beste Hego Euskal Herriko pentsioetan–, pentsiodunek dituzten askotariko aldarrikapenen inguruan ohartarazi nahi izan dute.

Hain zuzen ere, bost puntuz osatutako mozioa aurkeztu zuen  udaletxean Zumaiako jubilatuen eta pentsiodunen plataformak 2018ko uztailean. Ozta-ozta onartu zuen udalak eskakizuna. Bost puntu horien artean, 2010eko eta 2012ko lan erreformak ezabatzea eta 2011 eta 2013ko pentsioen inguruko lege batzuk kentzea aipatzen zituzten, baita iraunkortasun faktorea ere: “Bost urtetik behin azterketa bat egin ondoren ikusten badute adinaren piramidea gora doala, formula batzuk aplikatu eta pentsioak jaitsi nahi dituzte. Mehatxu bezala, hor dago”, azaldu du Enparanek.

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua dira, pentsiodunen arabera, beren “miseriaren” erantzuleak. Espainiako Gobernua da nagusia, Enparanen arabera, hark kudeatzen duelako Gizarte Segurantzako kutxa. “Beraiek atera zituzten 65 mila milioi euro bankari laguntzeko. Horiei eskatu diegu gutxienez KPIa mantentzeko eta, horrez gain, Konstituzioak dioen bezala –eta ni ez naiz konstituzio zalea–, herritar guztiek izan behar dutela duin bizitzeko bermea. Hori aplika dezatela eskatzen diogu”. Enparanek nabarmendu du 65 mila milioi horiek ordaintzeko Konstituzioa aldatu zutela, “ukitu ezin den Konstituzioa” horretarako ukituta.

“Beraiek atera zituzten 65 mila milioi euro bankari laguntzeko. Horiei eskatu diegu gutxienez KPIa mantentzeko eta, horrez gain, Konstituzioak dioen bezala –eta ni ez naiz konstituzio zalea–, herritar guztiek izan behar dutela duin bizitzeko bermea. Hori aplika dezatela eskatzen diogu”

“Herri mugimendu indartsurik ez zaie interesatzen”, dio Enparanek. Mugimendu horiek dira gobernuak presionatzen dituztenak, pentsiodunen plataformako kidearen arabera. Hil honen 12an Gasteizen izango dira. Aurrekontuak eztabaidatzen ari dira orain, eta parlamentuaren aurrean egingo dute mobilizazioa. “Beti da presioa, eta hori ez zaie interesatzen. Errazagoa da bulego batean lau pareten artean gauzak erabakitzea”, dio.

Gazteek lan munduan duten egoera prekarioaz ere aritu dira. Hala eta guztiz ere, Bengoaren arabera, urrun ikusten dute gazteek pentsiodunen afera. Azpikontratazioen gorakada izan da, Altzibarren arabera, lan munduan egoerak okerrera egiteko gakoetako bat. “Lanean hasi ginenean ez zegoen langabeziarik, eta lana topatzea ez zen problema”. Alderaezina da egoera, pentsiodunek diotenez: “Normalean lana aurkitzen genuen, eta gainera, soldatak nahiko duinak ziren”. Horrek, erretiro duina izatea dakar, Bengoaren hitzetan. “Borroka honen parte gara, uste dugulako hor egon behar dugula, borroka bultzatzen. Asko ez daude gure egoeran”.

Francoren garaitik “konbenioak eta laneko baldintzak hobetzen” ikusten joan dira. Pentsio onenak orain eta hemendik hamar urtera kobratuko ditu jendeak, haien arabera. Orain ordaintzen diren soldatekin ez da kutxa sortzen, eta, horregatik, presio handiagoa dago diru pribatuarekin. Egoera horretan, aipatu dute irtenbidea zergak direla.

Lanuztea, pentsio publikoen alde
Eskubide Sozialen Kartak lanuzte orokorra deitu du urtarrilaren 30erako, pentsio publikoen eta bizitza duinen alde. Espainiako Gobernuak erantzukizuna izan arren, Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaizkio: “Eusko Jaurlaritza ez da libratzen: 1.080 eurora iristen ez den jendeari laguntza bat jarri diezaiokete, 1.080 euroko kopuru horretara heltzeko”.

Zumaiako Udalak laguntza hori bermatuko duela hitz eman die pentsiodunei. Egoera hobetzeko “emergentziazko erantzuna” da, hala ere, pentsiodunen arabera. Laguntza hori eskuratu ahal izateko, baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Alargunak, egoera larrienean
Egungo pentsio sistemak ez ditu berdin kolpatzen pentsiodun guztiak. Emakume alargunen egoera da kaskarrena: bikotekidearen pentsioaren % 52 besterik ez zaio geratzen alargunari, eta etxean lan egin dutenen kasuan, oso pentsio baxua jasotzen dute.

“1.080 beharko genituzke gutxienez hilabete amaierara iristeko”. Seme-alabek lagundu izan diote Blancari [asmatutako izena da] bere burua gastuak ordaindu ezinda ikusi duenean. Kontribuzioko gastuak, telefonoa, gasa, janaria, aseguruak… “Begia jarrita ibili behar izaten dut. Nire semeari ere zenbat aldiz esan ote diot argiak behar ez direnean itzaltzeko?”. Duela 33 urte hil zen Blancaren senarra; orain 90 urte ditu. Lan egin badu ere, ez du inoiz euro bakar bat ere kotizatu. Alarguntasun pentsioa da orain jasotzen duena; 677,40 euro, bere kasuan.

Zumaiara lanera etorri zen Blanca, hotelera. Bost urtez aritu zen bertan lanean. Hendaian jarraitu zuen ondoren: “Lan baldintza askoz ere hobeak genituen, baina han ere ez kotizatu izanak harritzen nau”, dio Blancak. Ezkondu, eta Zumaian geratu zen jarraian; hurrengo urteetan, hiru seme-alabak zaintzen jarraitu zuen, etxean lanean. 

Bestelakoa da Patriciaren egoera [izen asmatua hau ere]: “Bizi osoa eman dut lanean, hamahiru urte bete nituenetik”. Orain 74 urte ditu, eta guztira 45 urte lanean igaro arren, azken 15 urteak soilik izan ziren baliagarriak Gizarte Segurantzarentzat, PSOEk atera zuen lege bat zela medio.

“Gorputzak esan zidan ezin nuela gehiago 60 urte bete nituenean”, dio Patriciak. Hala, pisua saldu beharrean ikusi zuen bere burua. Hala ere, 65 urte bete arte itxaron behar izan zuen pentsioa jasotzeko. “Kasualitatez, beste lege berri bat jarri zuten indarrean: sei hilabete gehiago kotizatu behar nituela esan zidaten”. Gizarte Segurantzan ordaindu zituen Patriciak hilabete haiek, baina ez zen nahikoa izan. Hori ordaindu ondoren ere, urte eta erdi gehiago kotizatzeko eskaera egin baitzioten. Bere bikotekideak jasoko zuen pentsioa eta berea kontuan izanik mila eurora helduko zirela esan zieten Gizarte Segurantzatik. Egoera, ordea, ez zen espero bezala atera: eskatutako urte eta erdi hori ordaintzen ari zela, alargun geratu baitzen Patricia.

Kotizatzeko eskatutako bi urte horien ordainetan, soilik 47 euroko pentsioa jasotzen zuela ohartu zen ondoren. Alarguntasun pentsioagatik 628,08 euro, eta Lanbidetik 30,36. Guztira, 707,76 euro. Gizarte Segurantzaren bulegoetara joan eta adar jotze hutsa izan zela esan zien Patriciak, baina ez zioten beste irtenbiderik eman.

Pentsio altuak dituztenei proportzioan gehiago igo ordez, gutxien dutenei igotzeko eskakizuna egin dute biek. “Niri dagokidana soilik eskatzen dut, lan egin dudan urte guztietan kotizatutakoa”, gaineratu du Patriciak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide