Zumaiako hezeguneak ezagutu eta egokitzeko auzolana izango da larunbatean

Baleike 2020ko urtarrilaren 28a

Putzu natural bat egokitzeaz gain, zuhaitzak landuko dituzte auzolan saioan. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek gidatuko dute saioa.

Larunbatean, otsailak 1, putzu natural bat egokitzeko auzolana egingo dute Joxe Mari Korta industrialdean. Soroberrieta putzuaren inguruan izango da saioa, Udalak jakinarazi duenez. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek gidatuko dute saioa, 9:30etik aurrera. 

Putzu bat sortzea aurreikusi zuten Urola Itsasadarraren kontserbazio eta berreskuratze planean. Ur-gezako putzu natural bat sortzen ari dira erabilera publikoko lursail batean. Putzu hori ur-gezako bizidunentzat baliagarria izango da. 

Lanak aurreratu dituzten arren, ingurua egokitzeko herritarrekin auzolanean saioa egingo du Zumaiako Udalak. Inguruan zuhaitzak landatuko dituzte, putzuaren egokitzen lanak egiteaz gain. 

Udal Ordezkari eta teknikariek halako ekimenek ingurumenaren babesean duten eragin positiboa nabarmendu nahi izan dute. Udalaren izenean, dei egin diete auzolanean parte hartzera. Herritarrei arropa egokiarekin bertaratzea gomendatu diete, ingurua lokaztuta egongo dela kontuan hartuta. 

Urola Itsasadarreko paduren kontserbazio eta berreskuratze lanen proiektuaren barruan antolatu dute ekimena. Honako helburuak ditu plan horrek: Zumaiako ingurumen kudeaketa ekintzen koordinazioa eta sinergia, Urolako itsasadarrean gako elementu gisa dauden habitatak berreskuratzea, Urolako itsasadarrean putzua sortzea, Bioaniztasuna indartzea eta egonkortzea eta bertako balore naturalei buruzko sentsibilizazio maila handitzea herritarren artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide