Grebaren harira antolatutako hirugarren eta azken ekitaldia izan da gaurkoa. Klima aldaketa eta honek mundu mailan sor ditzakeen krisialdien inguruan aritu dira Kareaga eta Peñalba.
Jon Kareaga aktibista zumaiarrak adierazi duenez, Asiara egindako bidaia batean piztu zitzaion gai honen inguruko kontzientzia. "Modaren eta arroparen industriak herrialde horietan duen eraginaz dokumental bat egitera joan nintzen Asiara. Oso esperientzia gogorra izan zen, metro karratu gutxian desberdintasun handiak ikusi nituen eta". Bere burua jarri du adibidetzat. Dena duen gazte bat dela esan du; aurrean zuen haurra edo gaztea, berriz, bizitzen jarraitzea helburua besterik ez duen pertsona. Kareagaren esanetan, "sistema perfektu" bat dago horren atzean. "Enpresak daude, bai, baina baita sistema hori onartzen duten gobernuak ere. Hortik sortzen dira injustizia asko, eta arroparen edo modaren industria da sistema horren adibide garbienetakoa", adierazi du.
Fridays for the future eta Extinction rebellion mugimenduen berri ere eman du. Lehenengo mugimendu horretako kide izan da Kareaga, baina orain harekin kritikoa da. "Manifestazioetara joatearekin bakarrik ez da ezer lortzen", esan du, eta gaineratu du Extinction rebellion mugimenduak defendatzen duen desobedientzia zibilarekin bat egiten duela. Aurkezpenera eraman duen mezu bat irakurri du: "Goi kargu buruek eta enpresa handi multinazionalek herritarrekin duten hitzarmena apurtzen dutenean, pertsona txikiok desobedientzia zibilera joateko beharra, erantzukizuna eta eskubidea lortzen dugu". Hala, grebako deialdiarekin bat eginda, kalera ateratzera animatu ditu herritarrak. "Orain ez bagara kalera ateratzen, ez da etorkizunik izango".
Markel Peñalba ingeniari zumaiarrak hartu du hitza aurretik. Klima aldaketa "zalantzan ez dagoen erronka" bat dela azaldu du, eta baita "saihestezina" ere. Aldaketa hori mugatzeko neurriak hartu beharra defendatu du. Urte hauetan guztietan hartutako datuak eman ditu ezagutzera, mundu mailako biztanleriaren hazkuntzatik hasita, CO2aren igoera larrira heldu arte. Denbora honetan tenperatura gradu bat igo dela azaldu du. Muga 1,5 graduko igoeran dagoela gaineratu du. "Hortik aurrera kontrola galduko dugu". Datuak kezkagarriak izan arren, positibotasuna zabaltzearen alde agertu da Peñalba.