Lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen ari diren heinean, emakume feministek ere bat egin dute greba orokorrarekin. "Zeresan handia daukagu. Iazko Martxoaren 8an aldarrikatu nahi izan genuen bezala, bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu, eta horregatik gaude protestan parte hartzen", azaldu du Miren Osa Mugimendu Feministako kideak. Prekarietateak aurpegi ezberdinak dituela uste du, eta arlo horretan, emakume gazteak kaltetuenetarikoak dira, Osaren arabera.
Beñat Lizeaga gazte mugimenduko kideak ere hartu du parte mobilizazioetan. "Gazte kolektiboko parte naiz, eta greban parte hartuko dut, gazte bezala, gure eskubideak ezbaian daudelako". Ekimen ezberdinetan izan da Lizeaga, eta arratsaldean egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu herritarrak. Beheko plazatik abiatuko da, 18:00etan.