Markel Peñalba: “Haize errota flotagarriak ikusiko ditugu itsasoan”

Gorka Zabaleta 2020ko ots. 15a, 12:30

Argazkia: Gorka Zabaleta.
Ez da energia berriztagarri ezagunena, baina itsasoaren energia baliatzeko hainbat teknika ari dira garatzen. Euskal Herrian dauzkagun aukerak azaldu dizkigu gaian aditu Markel Peñalba ingeniariak. Urtarrileko Baleike aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera. 

Bilbon ingeniaritza ikasi zuenetik, garbi zuen energia berriztagarrien gaian sakondu nahi zuela. Alemanian eta Bretainian ikasketak osatu ondoren, lau urte egin zituen Irlandan doktore tesia lantzen, itsas energiaren inguruan. “Haize energiaren teknologia finkatuta dago, eta olatuen energiaren mundua aukeratu nuen”. Gaur egun, fluidoen mekanikako departamentuko irakasle eta ikertzailea da Markel Peñalba (Zumaia, 1989), Mondragon Unibertsitatean.
 
Zumaiarrok badakigu itsasoak zer indar daukan, baina ezer gutxi dakigu energia hori baliatzeko teknologien inguruan.
Itsasoaren gaineko ezjakintasuna orokorra da. Itsasoan gertatzen denari buruz oso gutxi dakigu, oro har. Gaur egun milaka petrolio putzu ari dira ustiatzen, milaka tona ateratzen dituzte urtero, baina horren berri ez dugu izaten, ez bada istripu larriren bat gertatu dela. Baina hor daude...
 
Baina energia berriztagarriez hitz egiten denean, eguzki plakak eta haize errotak ezagunak zaizkigu. Itsasoa ez dugu energia iturritzat jotzen. Zer aukera eskaintzen ditu itsasoak energia lortzeko?
Itsasoak sekulako potentziala du, baina potentzialaren parekoak dira zailtasunak. Esate baterako, haizearen energia baliatzeko, berez, askoz egokiagoa da itsasoa lurrazala baino: itsasoa laua da eta haizeak ez du oztoporik aurkitzen bidean, askoz konstanteagoa da. Baina azpiegitura itsasoan muntatzea askoz konplexuagoa eta garestiagoa da. Orain arte itsasoa baztertu egin da energia iturri modura, bi arrazoirengatik: lehorrean bazegoelako nahikoa eremu erabilgarri, eta zailtasunak sekulakoak direlako. Orain, teknologia garatzen ari den heinean, ari gara ikusten itsasoa erabil dezakegula energia lortzeko.
 
Baina nola, zer teknologia garatu dira horretarako?
Itsasoan instalatutako haize errotena da gaur egun gehien garatu eta zabaldu den teknologia. Munduan 5.000 haize errota baino gehiago daude martxan, gehien-gehienak itsas hondora finkatuta. Itsasoan daude, baina hondora lotuta. Azpiegitura hauek instalatu ahal izateko, gehienez 50 metroko sakonerako itsas hondoak behar dira. Gainera, kostaldetik pixka bat urrun jarri behar dira, inpaktu bisuala handia delako. Baina kokagune egokiak amaitzen ari dira, eta orain aukera da haize errota flotagarriak jartzea, sakonera handiagoko eremuetan. Gaur egun 5.000 megavatt daude instalatuta hondora finkatutako haize errotekin; kalkulatu da 2030erako 12.000 mv lortuko direla errota flotagarriekin.
 
Beraz, errota flotagarriena prest dago martxan jartzeko?
Teknologiaren ikuspegitik badaude oraindik kontu batzuk fintzeko, baina esan genezake garatuta dagoela. Kostuak murriztu behar dira lehiakorrago izan dadin. Probako instalazio batzuk martxan daude: Eskozian 30 mv-ko bat jarri dute duela gutxi, Portugalen ere bai, Japonian ere laster... Merkaturatzeko prest dago teknologia hori. Enpresa elektrikoak sartzen ari dira sektorean; ikerketatik industriara pasa da gaia eta negozio izateko bidean da.
 
Baina hori, azken finean, haizearen energia baliatzea da. Olatuen energia ustiatzeko teknologiak garatu al dira?
Bai, dispositibo asko daude eta, seguruenez, horixe da gaur egun daukagun arazorik handiena, dispertsio handia gertatu dela. Dispertsioak zaildu egiten du teknologia egokiena zein den erabakitzea eta baliabideak ere sakabanatu egiten dira. Momentuan, hiruzpalau teknologia daude.
 
Zein dira aipagarrienak?
Badaude dispositibo batzuk olatuaren mugimendua zuzenean harrapatzen dutenak. Adibidez, buien sistema dago: olatuek gora eta behera egiten dute etengabe, eta buiekin lortzen da mugimendu hori energia bihurtzea. Beste sistema bat da Mutrikuko dikean dagoena, ur zutabe oszilatzaileaderitzona: barnean ura daukan zutabe bertikal bat da; olatua datorrenean, zutabe barruko urari bultza egiten dio gorantz, horrek gainean daukan aireari presio egiten dio, aire hori zulo estu batetik pasatzen da eta turbina bat mugiarazten du. Sistema horren bertsio flotagarria –Oceantec– Euskal Herriko enpresa batek garatu du. Ideia berbera da, baina itsasoan instalatzen den azpiegitura flotagarri bat da. Eta hirugarren teknologia overtopping izenekoa da: urak gainezka egiten duenean dispositibo batean. Imajinatu Parolpeko igerilekua zentral hidroelektriko bihurtuta. Halako zerbait. Baina badaude aukera gehiago...
 
Adibidez?
Termikoak, esate baterako. Ura epelago dago ur azalean eta hotzago itsas hondoan.Tenperatura alde hori baliatzen dute zirkulazioa sortzeko eta mugimendu horretatik lortzen da energia. Zentral termiko moduko bat lortzen dute. Baina horretarako sakonera handiak behar dira. Beste teknologia bat: mareen arteko aldea aprobetxatzea. Presa batekin, mareen gorabeherak aprobetxatzen dituzte ur jauzia sortu eta turbina batzuen bidez energia lortzeko. Mareak oso biziak izaten diren lekuetan aprobetxatzen da teknologia hau, Normandian, adibidez [teknika hau antzinakoa da: Zumaian bazegoen marea errota bat Ondartxo aldean, Ardantzabidera sartzen zen ura aprobetxatzen zuena]. Eta azkenik, aipatzeko modukoa, ur- orronteak aprobetxatzeko teknologia dago. Hau nahikoa garatuta dago, azken finean, haize erroten antzekoa delako, baina ur azpian. Errota bat jartzea da ur korrontea dagoen lekuan eta horrek mugiaraziko du turbina. Uraren dentsitatea haizearena baino mila aldiz handiagoa denez, askoz azalera txikiagoa behar da emaitza berdina lortzeko.
 
Uraren dentsitatea haizearena baino mila aldiz handiagoa denez, askoz azalera txikiagoa behar da emaitza berdina lortzeko.
 
 
Horiek dira gaur egun dauden aukerak, baina esan diguzu zailtasunak ere ez direla nolanahikoak...
Guztien artetik potentzial gehien duena olatuen energia da. Baina oso zaila da teknologia bideragarri egitea. Haize errota flotagarrien kasuan, erronka da azpiegitura ahalik eta gutxien mugitzea. Olatuen kasuan kontrakoa da, ahalik eta mugimendu gehien lortu behar duzu, mugimenduak emango dizulako energia. Olatuaren energia lortzeko desoreka sortu behar da eta horrek arazo asko dakartza. Olatuen etengabeko talka bilatzen ari zara, eta hori oso kaltegarria da edozein sistemarentzat. Mantentze lanak ere zailak dira, ezin zara edozein momentutan joan dispositiboa konpontzera; dispositiboak mantentzea behar duenean, seguruenez, ezin zara bertara iritsi itsaso txarra dagoelako eta geldirik eduki behar duzu... Energia sortzea ez da zaila; zailena da bideragarri izatea merkatuak ematen dituen prezioetan.
 
Orduan, teknologia hauek garatzeko eta aprobetxatzeko aukerarik izango al da?
Ni seguru nago etorkizunean energia sortzeko iturrien artean egongo dela olatu energia, baina horrek ez du esan nahi olatu energiak lortuko duenik gaur egungo merkatuan lehiakor izatea; seguruenez, energiaren merkatua bera aldatuko da. Momenturen batean, erabakiko da ezingo ditugula gaur egun ohikoak diren zenbait energia iturri erabili, eta orduan iturri alternatibo guztiak beharko ditugu.
 
Noiz iritsiko da momentu hori?
Oraintxe kalezulo batean gaude. Ez dakigu kotxeak zer energiarekin ibiliko diren, ez dakigu zenbat energia beharko dugun... Mundua aldaketa sakon baten erdian dago eta industria zain dago gauzak noiz argituko. Baina aldaketa etorriko da, eta ez da izango 200 urte barru. Laster ikusiko dugu. Energia behar guztiak asetzeko hutsune bat egongo da eta hori betetzeko ezingo dugu ikatza erre eta garestiagoak diren beste iturri batzuk beharko ditugu. 2030Erako hutsune hori bete beharko dela aurreikusten dute adituek.
 
Itsas energiari dagokionez, Euskal Herriak zer aukera dauzka?
Garbi daukagu hemen haize errota flotagarriak ikusiko ditugula itsasoan. Eta olatu energiak ere izango du bere garapena. Laster ikusiko ditugu haize errota flotagarrien probako instalazioak. 2030Erako bat baino gehiago izango da martxan. Eta apustu egingo nuke ordurako instalazio komertzialen bat ere izango dugula itsasoan. Gaur egun eztabaida ez da egingo diren edo ez, nork egingo dituen baizik. Kalkulu bat ere egina dago: gure itsasoaren azaleraren % 10 erabiliko bagenu haize errota flotagarriak instalatzeko, 400 mv sortzeko potentziala legoke. Eta hori gaur egungo teknologian oinarrituta. Garatzen ari diren haize errota modernoenekin, askoz gehiago. Baina nik hor arazo bat aurreikusten dut...
 
Zer arazo?
Ez dela pedagogiarik egiten. Iritsiko da errota horiek itsasoan jartzeko momentua eta orduan jendea asaldatu egingo da, biotopo babestuarekin gertatu zen bezala. Kostatik ikusiko al dira? Gaur egun, La Gaviota instalazioa ikusten den bezala. Ez bazaio jendeari esplikatzen zergatik eta nola den haize errota flotagarrien kontu hau, arrisku handia dago kontra agertzeko eta prozesua asko luzatzeko.
 
Ikerketaren ikuspegitik, Mutrikuko instalazioaz gain, badago beste azpiegiturarik Euskal Herrian?
Armintzan BIMEP izeneko probalekua dago, itsasoan. Azpiegitura bat prestatu da itsas energiarekin zerikusia duten teknologiak probatu ahal izateko. Baliabide guztiak dauzka enpresek beraien testak egin ahal izateko. Bizpahiru urte barru, adibidez, haize errota flotagarriak probatuko dituzte. Eta duela gutxi, Euskal Herriko enpresa batek sistema berri bat probatu du, Arrecife izenekoa. Sistema hori erabat berritzailea da, koralezko arrezifeek olatuen energia disipatzeko erabiltzen duten teknikan dago oinarrituta, frikzioan, hain zuzen ere. Mutrikuko eta Armintzako azpiegiturak ezagunak dira mundu mailan. Eta Euskal Herrian badaude enpresak teknologia berriak garatzen ari direnak, beste batzuk osagaiak egiten ari direnak... Sektore bat ari da garatzen. Eta Eusko Jaurlaritzak ere badu estrategia bat diseinatuta itsas energia garatzeko.
 
Klima aldaketak teknologia hauen garapenean izan dezakeen eragina ere ari zarete ikertzen.
Klima aldaketaren eraginez, batez besteko energia hazten ari da, bai olatuan, bai haizean. Horrek eragina izango du guk itsasoan jarriko ditugun sistemetan. Sistema diseinatu behar duzu sortu beharreko batez besteko energiaren arabera; baina, aldi berean, jasango duen energia maximoaren arabera, matxura ez dadin. Egoera txarrenari aurre egiteko eta batae bestekoa aprobetxatzeko gai izan behar du sistemak. Ikusten ari garena da ekaitzak gero eta sarriago daudela eta gero eta bortitzagoak direla. Horrelako ekaitzak daudenean dispositiboek ez dute energiarik sortzen, gelditu egiten dira matxura ez daitezen. Zenbat eta bortitzagoak ekaitzak, sistemetan inbertsio handiagoak egin beharko dira, garestiagoak izango dira. Aldi berean, energiaren zati handi bat ari gara galtzen, maiztasun handiagoarekin gertatzen direlako ekaitzak eta tarte horietan dispositiboek ezin dutelako lanik egin. Joera hori nabarmena da Irlandan, Bizkaiko golkoan, Txilen, Portugalen... Eta oso kaltegarria da. Diseinuak aldatu egin beharko dira. Duela 20 urteko parametroekin ari gara diseinatzen. Etorkizuneko energiari begira diseinatzen hasi beharra dago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide