Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau oparoa antolatu dute herriko hainbat kolektibo eta eragilek. Gaur aurkeztu dute egitarau bateratua, eta bertan izan dira Maider Urbieta (Emakumeon* Etxea), Vanessa Arbelaitz (Mugimendu Feminista), Maite Olasagasti (Berdintasun Foroa), Jessica Guzman (Malen Etxea), Silvia Carrizo (Malen Etxea) eta Maider Alberdi (Zumaiako Udaleko Berdintasun zinegotzia). Etzi hasita, hitzaldiak, ikus-entzunezkoen emanaldiak, ikastaroak, antzerkiak eta mobilizazioak izango dira herrian.
Arbelaitzek aipatu duenez, Antolatu indarrak, batu borroka feministara izango da mugimendu feministak Martxoaren 8rako prestatutako leloa. Horrez gain, Emakumeen Nazioarteko Egunean kaleak hartzeko askotariko arrazoiak nabarmendu ditu Arbelaitzek: "8 arrazoi eta gehiago kaleak hartzeko bideoa prestatu dugu, eta bertan ikusarazi nahi izan ditugu gure eredu diren emakume pentsiodunak, lan esklabua duten Malen Etxeako kideak, gizartea feminismotik eraldatu nahi duen Emakumeon* Etxea, etorkizuneko giltza diren emakume gazteak zein arrazakeria jasaten duten emakumeak". Igandea guzti horiek saretzeko eta batzeko eguna izango da, eta aniztasunaren eta errespetuaren aldeko mezua zabaltzeko baliatuko dutela esan du Arbelaitzek.
Emakumeon* Etxeak ere jarri du bere aletxoa: Alu Ulu antzerki foroa egingo dute hilaren 11n Aita Marin zineman. Urbietaren arabera, emakumezkoei zein gizonezkoei zuzendutako ikuskizuna izango da. Horrez gain, iazko jabetze eskolari amaiera emateko, La deconstrucción del amor romántico como prevención de la violencia de genero hitzaldia izango da, Loredi Salegiren eskutik.
Malen Etxeako emakumeek, aldiz, Pirámide performancea egingo dutela iragarri dute, emakume migranteen lana ikusarazteko. Martxoaren 8ko mobilizazio nagusiaren amaieran egingo dute, eta hainbat ekintza ere izango dira ondoren.
Berdintasun Foroak Zinegoak jaialdiko lanak ekarriko ditu Zumaiara hirugarren urtez. Etzi izango dira lehen emanaldiak: Aita Mari zineman botako dituzte film laburrak, jatorrizko bertsioan. Apirilaren 2an, berriz, Indianara luzemetraia proiektatuko dute. Bolsonaroren Brasilera gerturatuko du ikuslea Indianara filmak, LGTBI+ komunitatearen eta batez ere transen mugak eta zailtasunak ezagutzeko. Martxoaren 6an, ostirala, Maite Aizpurua zumaiarraren Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana ikusteko aukera izango da Aita Marin. Abiaduraren inguruko hausnarketa bat eginez ekin eta, korrika egiteko makina batekin topatu zen Aizpurua antzezlana lantzen hasi zenean. Makina harekin lanean hasi eta hainbat gai jorratu ditu.
Horrez gain, bi hitzaldi ere antolatu ditu Berdintasun Foroak: Rina Cabezak Sexualitateak: bizipen transexualei begirada bat hitzaldia eskainiko du, eta Paola Damontik, duela gutxi Iruñeko Udalak zentsuratutako Brecha Orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama solasaldia.
Udalak "eragileek egindako aldarrikapen horiekin bat" egiten duela aipatu du Alberdik. Era berean, herritarrak Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzera eta herriko balkoietan banderola morea jartzera gonbidatu ditu. Udaletxean jaso daitezke banderolak, harreran.
Egitaraua
Martxoak 5, osteguna
22:00. Zinegoak: film laburrak, Aita Mari zineman. Jatorrizko bertsioan, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz.
Martxoak 6, ostirala
22:00. Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana, Aita Mari zineman.
Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna
12:30. Manifestazioa herrian zehar, Saregileen plazan hasita. Amaieran, Malen Etxea elkartearen eskutik, Piràmide performancea, eta ondoren, hainbat ekintza.
Martxoak 11, asteazkena
18:30. Alu-Ulu antzerki foroa, Aita Mari zineman.
Martxoak 18, asteazkena
18:30. Sexualitateak: bizipen transexualei begirada bat hitzaldia, Rina Cabezaren eskutik, Oxford aretoan.
Martxoak 25, asteazkena
18:30. Brecha Orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama solasaldia, Paola Damontiren eskutik, Oxford aretoan.
Apirilak 2, osteguna
22:00. Zinegoak: Indianara. Aita Mari zineman. Brasilgo portugesez, azpitituluak ingelesez eta gaztelaniaz.