Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun 120000 kasu inguru antzeman dituzte mundu mailan. 4.300 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.
Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguerdian emandako datuen arabera, 197 pertsona kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik sei hil dira. Nafarroan, berriz, COVID-19ren 46 kasu antzeman dituzte, Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera. Lapurdin lehen kutsatu bat izan dela ere iragarri dute.
Gaixotasun honen hedatzeak eragin zuzena du gizartean. Ospitaleak lanez gainezka daude lehen kasuak detektatu zituztenetik, eta haiek hartatu dituzten sendagileak ere jarri dituzte, kasu batzuetan, bi asteko berrogeialdian. Araba da kutsatu gehien dituen lurraldea, eta Gasteizen, baita Bastidan ere, ikastetxeak eta unibertsitateak itxi dituzte. Hasiera batean, martxoaren 23ra arte izango dute neurri hori indarrean.
Gaixotasun honek adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan ere neurriak hartu dituzte. Oraingoz ez dituzte egoitzak itxi Zumaian, baina familiartekoak edo lagunak bisitatzera joaten direnen kopurua kon- trolatu dute. Protokoloa ere ezarri dute, eta kasuren bat detektatzen duten unean itxiko dituzte egoitzak.
Ikusle kopuru handiak biltzen dituzten ekitaldietan ere nabarmen eragingo du koronabirusak. Espainiako futbol ligako datozen bi jardunaldiak ateak itxita jokatuko dituzte. Hau da, Lehen Mailako 28. eta 29. jardunaldietan ez da zaleturik izango zelaietan. Zumaian ez da oraindik erabakirik hartu. Kiroldegitik adierazi dutenez, kirol federatuari dagokionez, federazioek dute hitza, eta ez dira oraindik klubekin harremanetan jarri. Eskola kirolaren kasuan, aldundiak du eskumena, eta hark ere ez du erabakirik hartu. Lubaki kiroldegian, berriz, prebentzio neurri batzuk hartuko dituzte, baina oraingoz ez da itxiko, eta bertan egiten diren kirol jarduerak eta ikastaroak bere horretan jarraituko dute.
Apirilaren 5ean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bertan behera uztea edo beste data batera atzeratzea ez du oraingoz planteatu hauteskunde batzordeak. Baina, neurri batzuk hartuko dituztela jakin da, Italian –koronabirusak gogor astindu duen estatua– izandako hauteskundeetako aurrekariak kontuan hartuta. Hala, gomazko milaka eskularru erostea aurreikusten du hauteskunde batzordeak, igande horretan hauteskunde mahaietan egon beharko dutenek erabili ditzaten.
INFORMAZIO OROKORRA
Badira egun batzuk Osakidetzak koronabirus kasuetarako protokoloa aktibatu zuela. Hainbat aholku eman dizkie erakundeak herritarrei, eta Osasun Aholkularitza Zerbitzua jarri du martxan. Hain zuzen ere, sukarra, eztula edo aire-falta sentipena gisako sintomak izanez gero, etxean edo ostatuan gelditzea eta Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50 telefonoa) harremanetan jartzea aholkatu du Osakidetzak.
ZER DA KORONABIRUSA?
Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurki daitezkeen birus familia zabala dira. Horietako batzuk infektatu egiten dute gizakia, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola hotzeria arrunta. Dena den, gaixotasun larriagoak ere badaude; Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras), esaterako.
NOLA HEDATZEN DA BIRUSA? Zehaztasunik ez badago ere, antzerako birusek eragindako beste infekzio batzuen analogiatik, kutsatutako animaliekin izandako kontaktuaren bidez eta doministikuarekin sortzen diren arnas jarioarekiko kontaktuaren bitartez transmititzen da. Birusa duten pertsonen sudurra, begiak edo ahoa ukituta kutsa daiteke.
ZER EGIN DEZAKET BABESTEKO? Sarritan garbitu eskuak. -Eztula edo doministikua egitean, ahoa estali eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala, eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo urarekin eta xaboiarekin. -Eztula edo doministikua egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon, gutxienez. -Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa. -Ikastetxera joan aurretik haurrei tenperatura hartzeko aholkatu du Osasun Sailak, eta 37 gradu baino gehiago edo arnasketarekin lotutako sintomak badituzte etxean geratzeko eskatu du. Zahar etxera bisitan joan behar dutenek ere neurri bera hartzeko eskatu dute.
ZER EGIN TRANSMISIO EREMUETAN IZAN BAZARA?
-Leku horietatik itzultzen diren eta osasun-arazorik ez duten pertsonek bizimodu normala egin dezakete familiarekin eta lagunekin, baita eskola eta lan eremuetan ere.
-Bidaiatik itzuli ondorengo bi asteetan arnas-infekzio sintomak izanez gero, hala nola sukarra, eztula edo aire-faltaren sentipena, etxean edo ostatuan geratu. Horrez gain, Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50) jarri harremanetan. Osasun zerbitzuek ebaluatuko dute zure osasun egoera, bidaiaren aurrekaria eta koronabirus kasuekin kontakturik izan al duzun.