Erretratua

Jon Sasiain, alde zaharrean garai berrietaraino

Maria Maya Manterola 2020ko mar. 14a, 11:00

Zunbilo kaleko Sasiain harategia 17:00etan zabaltzen da, baina ordubete lehenago hartu gaitu bertan Jon Sasiainek. Harakina izatea ez baita soilik erakusmahaiaren atzetik bezeroei arreta eskaintzea. Otsaileko Baleike aldizkariko 'Erretratua' ataleko erreportajea ekarri dugu webgunera.

“Guri txahala osorik heltzen zaigu. Xerratu arte guztia pasa behar da gure eskuetatik: gantza kendu, zatitu, garbitu… denbora behar du horrek, eta jendea badaukazu, ez du denborarik ematen. Zabaldu aurretik edo itxi ondoren egin behar dira lan horiek”. Egunero hamabi edo hamalau ordu egiten du lan. Larunbatetan eguerdira arte izaten du irekita denda, eta igandeetan ixten du.

Zumarragatik heldu zen Jon Sasiainen aitona Migel Sasiain Zumaiara, hogei urte zituela, harategi txiki batera. Zumaian ezagutu zuen amona Joxepa Urbieta. “Ezkondu ondoren zabaldu zuten harategia, duela 90 urte inguru”, aipatu du haien ilobak. Aitona egon zen lanean, aita gero. Gazteak zirela jaso zuten negozioa Jon Sasiainek, bere arrebak eta anaiak. Arrebak eta berak jarraitzen dute orain.

Haurra zeneko garaiaz gogoratu da Sasiain. “Harategi gaineko pisuan bizi ginen, eta dena kalean egiten genuen”, dio. Etxeko sarrera Zunbilo kaleko atzeko aldean zuten, eta ate hori beti zabalik zuela du gogoan. “Aldamenekoak eta bizilagunak etxekoak ziren, edozer gauza behar genuela ere, elkarri laguntzen genion”. Enkarguak egiteko, esaterako, lasai eskatzen zieten elkarri haurrak zaintzeko.

Haur guztiak batera ibiltzen ziren jolasean Zumaiako Alde Zaharreko kaleetan. “Gerora, adinarekin, norbere bidea hartzen du bakoitzak”. Hamalau urte egin arte edo, apenas irteten ziren auzotik. Goiko plaza deitzen zitzaion horretan edozein jokotan aritzen ziren, patxadaz, ez zelako autorik pasatzen. Beisbolean aritzen ziren, Goiko estankoaren aurrealdean bat makilarekin jarri, eta plaza erditik pilota botatzen zion besteak. “Kristal batzuk apurtu ere egin izan ditugu”, aitortu du irribarrez. “Bazen denda koxkor bat, udaletxea berritu duten horretan zegoen etxe handi bat, Bonifazionekoa deitzen zitzaiona. Horko kristalak makina bat aldiz apurtu ditugu… gurasoek ere ordainduko zuten kristalen bat edo beste”.

Azoka itxita zegoenean, arratsaldeetan, haurren kiroldegia izaten zen. Haurrak kalean ibiltzen ziren, txikiak zirenetik: “Nire haurrengan ikusten dut aldaketa. Betiere babestu nahian edo ibiltzen gara, kezkarekin”, dio harakinak. 70eko hamarkadakoa da Sasiain, eta garai hartan, Alde Zaharrean haur ugari zela oroitzen du.

Gaztea zela ez zuen ikasketarik egin nahi izan harakinak: “Argi eta garbi nuen hori”. Oinarrizko Hezkuntza Orokorra bukatu aurretik garbi zeukan lanean hasi nahi zuela. Txikitatik lagundu dute harategian Sasiain anai-arrebek: “Gurasoek ezin ziren iritsi, eta beti lagundu dugu. Nahi gabe ikasten duzu: aiztoa eskuan hartzen hasten zara, oporretan hiltokira joaten… ‘Honaino iristen zara? Ba honaino egin behar duzu’. Dinamika horretan sartu ginen. Ez nuen beste gauzarik buruan”. Mendiarekin lotutako zerbait egingo luke Sasiainek harakina ez balitz, “askatasunean”. “Animaliak asko gustatzen zaizkit, baina albaitari izateko asko ikasi behar zela pentsatzen nuen… “Ez duzu ikasi nahi? Ba, badakizu zer dagoen”. Hori izaten zen gurasoen erantzuna. Pixkanaka ikasi, eta gurasoak ardurak bere esku uzten hasi ziren

Garai batean abereak inguruko baserrietatik erosi eta sasiaindarrek beraiek hiltzen zituzten. Dionisio Sanchez bizilaguna beti izaten zen lan horietan laguntzeko prest: “Gure aitari arkumeak eta untxiak hiltzen laguntzen zion, garai hartan hilketa guztiak guk geuk egiten genituen-eta. Oilaskoak, oiloak… Gerora, Oikiara eramaten hasi ziren. Untxiak, txahalak eta arkumeak hiltokian hiltzen zituzten, Algorri Interpretazio Zentroa dagoen eraikin horretan”. 

Orain ere mantentzen dute baserritarrekin zuzeneko harreman hori, baina salgaiak Sasiain harategiko erakusmahaira iritsi aurretik, hiltegitik pasatzen dira abere guztiak.

Salgai industrialen aldean, inguruko baserriek ekoitzitakoa asko baloratzen du Sasiainek. “Hala ere, ulertzen dut gaur egun daukagun bizimoduarekin jendeak erosketak egiten denbora aurreztu nahi izatea”. Jateko orduan hobea den produktu baten edo denbora aurreztearen artean erabaki behar izaten dute, Sasiainen ustez, bezeroek. Prezioan alde handirik ez duela uste du: “Ez da garestiagoa, gehiago da denbora kontua”.

Badago Sasiain harategira produktu jakin baten bila joaten den jendea ere. Saltxitxak, odolkiak, txorizoa, txistorra, tripakiak… “Leku askotan utzi egin diote produktu horiek egiteari. Denborak agintzen du horretan ere, baina jendea horren bila propio etortzen dela ohartzen zara, eta nola utzi hori egiteari?”. Gainera, buelta aprobetxatuta, beste zerbait ere eraman ohi dute bezeroek.

“Bezeroak etorri izan zaizkit, esanaz beren haurra beste haur baten etxera joan dela, Sasiain harategiko saltxitxak probatu dituela, eta saltxitxa horiek behar dituela. Egiten duzun lan hori egin eta gero jendeak eskertzen badu, badakizu zeure horretan segi behar duzula. Horrek bete egiten du”.

Prestatutako jakia ere erosten dute, kroketak, esaterako. “Zerbait saltzen da, baina badakite haragi bolak saltsan ez dituztela hemen topatuko. Haragi xehatua eramaten dute, eta haragi bolak beraiek egin. Herritarrek badakite harategian zer topatuko duten eta horren bila joaten dira, Sasiainen arabera.

Lantegia Sasiain harategia baino pixka bat gorago du, eta hor gauza zehatz batzuk egin ditzake: txorizoa, txistorra, odolkia, tripakiak eta mingain egosia. Beste ezer ezin du bertan egin. Hasieratik zuen garbi: “Aurrez prestatutako jakiak egin ahal izateko beste baldintza batzuk bete behar dira”. Gela ezberdinak behar izaten dira produktu bakoitzeko, eta lantegi handiak behar dira horretarako.

Garai bateko harategi bakarra da Alde Zaharrean: “Txortena, San Juan iturriaren azpian zegoena, Olazabalen beste bi, Luxiarena, azokako postuak… Ezagutu dituzun betiko horiek badoaz”. Nolanahi ere, negozioaren etorkizunak ez dio kezkarik sortzen, inguruko harategiek ateak ixteak mesede egin baitio. “Beste harategietara joaten zen jendea Sasiainen dauden produktu horien antzekoen bila joaten zen. Haiek itxi dutenean, Sasiainen topatu dute besteetan bilatzen zuten hori”.

  • Adina: 49
  • Lanbidea: harakina.
  • Ikasketak: Oinarrizko Hezkuntza Orokorra.
  • Harakina ez banintz… artzaina.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… kirola egitea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide