Eusko Jaurlaritzaren aginduz eskolak itxi diren honetan, Zumaiako Udalak "koherentziaz jokatzeko" erabakia hartu du, eta beraz, eskolak itxita dauden bitartean honako zerbitzu hauek ere erabat itxita egongo dira, bihartik, hau da, martxoaren 13tik aurrera:
- Gizarte Zentroa, Hogarra. Gaurtik itxita
- Alondegia kultur etxea
- Aita Mari zinema
- Itsas kiroldegia
- Lubaki kiroldegia
- Aitzuri pilotalekua
- Surfeko lokala
- Musika eskola
- Ludoteka
- Gaztegunea
- Algorri Interprezio Zentroa
- Turismo Bulegoa
- Igor euskaltegia (AEK)
- EPA helduen irakaskuntza
- Foronda kultur etxea
- Komun publikoak
- Igogailu publikoak
Osasun Sailetik emandako gomendioak jarraituz hartu du Udalak erabakia. Gaineratu du era mugagabean itxi dituzte eraikinak, "arriskuak berriz ebaluatu arte". Gainera, Udalaren kultur agenda osoa eta jarduera oro (ikastaroak, hitzaldiak, zine emanaldiak...) bertan behera geldituko da, bestelako abisurik jaso arte. Gaurko aurreikusitako saioak mantendu egin ditu Udalak: arratsaldean Euskaraldiaren inguruan egingo den hitzaldia eta gauean izango den zine forum saioa.
Udalaren administrazioak martxan jarraituko du, baina langileek neurriak hartuko dituzte, kutsatzeak murrizteko. Era berean, udal ordezkariek Osasun Saileko ordezkariekin harremanetan daudela adierazi dute; herritarrei arduraz jokatzeko deia luzatu diete eta Osasun Sailak zehaztutako gomendioak jarraitzeko.
Oinarrizko zerbitzuak martxan
Zumaiako Udalak hiru espaziotan harrera zerbitzua martxan mantenduko du: Udaltzaingoan, Gizarte Zerbitzuetan eta udaletxean bertan.
Gizarte Zentroa itxita
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hala gomendatuta, Zumaiako Gizarte Zentroa (Hogarra) itxita dago gaur goizetik. Adinekoei zuzendutako jarduera oro ere etenda daude.
Eskoletan ere, jarduera etenda
Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi berri du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien jarduera etengo duela ostiraletik aurrera, 15 egunez. Beraz, ez Zumaiako Herri Eskolan, ez Zumaienan, ez Haurreskolan ez da klaserik emango datozen 15 egunotan. Irakasleek lanean jarraituko dute, baina ikasleek etxean geratu beharko dute. Ikastetxe bakoitzak, dauzkan baliabideen arabera, ahalegina egin beharko du ikasleen lana antolatzeko, ahal den neurrian etxetik lan egin ahal izan dezaten. Neurri horiek guztiek koronabirusaren zabalpena prebenitzea dute helburu.
Koronabirusa prebenitzeko gomendioak
Bizi dugun egoeraren aurrean, Zumaiako Udalak herritarrei eskatzen die aintzat har ditzatela Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako gomendioak:
-
Eskuak sarri garbitu urarekin eta xaboiarekin.
-
Eztul edo doministiku egitean ahoa estali besaurrearekin edo mukizapi batekin.
-
Erabili eta botatzeko mukizapiak erabili, eta gero zakarrontzira bota.
-
Arnas sintomaren bat izanez gero eta arrisku eremu batera bidaiatu baduzu, etxean geratu eta deitu 900 20 30 50