Atzo baino 26 koronabirus kasu gehiago atzeman ditu Osakidetzak Gipuzkoan

Baleike 2020ko mar. 16a, 16:01

Araban 444 lagun daude kutsatuta, Bizkaian 194 eta Gipuzkoan 86. Nafarroan, berriz, 62 lagun daude ospitaleratuta. Atzotik hamalau lagun hil dira Euskal Herrian: horietatik bederatzi, Gasteizen. 

Oraintsu kaleratu ditu administrazioak koronabirus kasuen gaineko datu eguneratuak, eta milatik gora dira dagoeneko Euskal Herrian positibo eman duten herritarrak. Osakidetzak azaldu duenez, 97 lagun gehiago daude kutsatuta atzoz geroztik; guztira, 727 dira birusa duten herritarrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Araban 444 lagun daude kutsatuta –35 gehiago– oraingoz, Bizkaian 194 –36 gehiago– eta Gipuzkoan 89 –26 gehiago–. Bestalde, 309 pertsona daude ospitaleratuta Araban (191), Bizkaian (90) eta Gipuzkoan (28). Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 62 lagun daudela ospitaleratuta, horietatik bederatzi zainketa intentsiboen unitatean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 304 lagun ari dira ospitaleetan artatzen.

Guztira, 38 lagun hil dira koronabirusaren eraginez Euskal Herrian. Atzotik zendutakoak, berriz, hamalau dira; horietatik bederatzi Gasteizen. Araban hildakoak 25 dira guztira, Bizkaiakoak sei, Gipuzkoakoak bost eta Nafarroakoak bi. Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak, baina, halere, jakinekoa da Baionako ospitalean zazpi lagun daudela gaitzarekin ospitaleratuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide