Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten herritarrek eta jokaera disruptiboak dituztenek kalera ateratzeko baimena izango dute hemendik aurrera, beti ere, koronabirusaren kutsadura saihesteko neurriak errespetatuz. Halaxe jakinarazi zuen Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak ostegunean, Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO). Hori dela eta, alarma egoerak ezarritako konfinamenduak pertsona horien egoera larriagotzen badu, beste pertsona baten laguntzarekin etxetik ateratzeko baimena izango dute autismoa dutenek, eta beharrezkoak diren joan-etorri guztiak egin ahal izango dituzte.
Espainiako Autismo Federazioak AEN pairatzen dutenentzako neurri horiek hartzeko eskatu zion duela egun batzuk Espainiako Gobernuari, kalera ateratzeko debekuak haien eguneroko bizitzan “ondorioak” izan ditzakeela argudiatuta.