Beste bost koronabirus kasu antzeman dituzte Urola Kostan

Baleike 2020ko mar. 22a, 14:43

Gutxienez, 22 dira eskualdean gaitzak jotako herritarrak. Zarautzen lau kasu berri azaldu dira azken 24 orduetan, eta hamazazpi dira guztira. Getarian, berriz, bi lagun daude koronabirusak jota, atzo baino bat gehiago. Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian, kasu bana dago.

Azken 24 orduetan Urola Kostan beste bost koronabirus kasu baieztatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak: lau Zarautzen eta bat Getarian. Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian, berriz, ez du gorabeherarik izan gaitzak jotakoen kopuruak, eta kasu bana dago. Horrenbestez, guztira 22 dira eskualdean baieztatu dituzten kasuak. Dena dela, horiek baino gehiago izan daitezke gaixorik dauden herritarrak.

Euskal Herrian, berriz, orain arte 2.899 pertsona gaixotu ditu gaitzak, eta 112 hil. Araban dago gaixo gehien (912). Azkeneko egunetan, Nafarroan ere asko ugaritu dira (794), eta Bizkaian ere gora egiten ari da kurba (860). Gipuzkoa doakie atzetik (273), aurreneko gaixoetako bat bertan atzeman zuten arren. Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 32 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin. Zuberoako gaixoak Paueko ospitalera eramaten dituzte, eta han hil zen zuberotar bat. Beste zuberotar bat ere bada Paueko erietxean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide