Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Iñigo Peña: "Pisu handi bat kendu dut gainetik"

Juan Luis Romatet/Aritz Mutiozabal 2020ko mar. 26a, 11:03

Piraguista zumaiarrak ehuneko ehun iritsi nahi du Tokioko Olinpiar Jokoetara, eta egungo egoerak ez zion normaltasunez entrenatzen uzten. Atzeratzea erabaki egokia dela iritzi dio.

Nola jaso duzu jokoak urtebetez atzeratzeko erabakia?

Uste dut erabakirik egokiena dela. Une honetan dagoen pandemiarekin, garrantzitsuena osasuna da, eta kirola bigarren edo hirugarren maila batera pasatzen da. Argi dago etxean geratu behar dugula guztiok, eta hau guztia pasatutakoan, 2021ean, urte egokia izango dela halako kirol ekitaldi bat ospatzeko.

Prestaketa zorrotza eta egituratua duzuela jakinda, oztopo bat ere izango da beste urtebetez itxarotea, ezta?

Ez, ez da halakorik. Eragozpena asteartera arte geneukan egoera zen: etxean sartuta eta ezin entrenatuta geunden. Beste herrialde batzuetan, nahiz eta gu baino okerrago eta konfinamenduan egon –Italian, esaterako–, kirolari profesionalei eta talde olinpikoei baimen bereziak ematen dizkiete entrenatzera irteteko; Belgika, Frantzia eta Portugal ere egoera horretan daude. Beraz, atzeratze honekin pisu handi bat kendu dugu gainetik; bestela, lau hilabete eta erdira oso sasoi baxuan iritsiko nintzatekeen jokoetara. Izan ere, denboraldi erdian geldialdi honek kristoren galera eragiten digu. Horregatik, erabakirik onena izan dela uste dut. Orain denboraldi bat gehiago dugu denok prestatzeko eta hitzordu nagusira aukera berdinekin iristeko.

Beraz, lasaitasun ederra hartu duzu. Antsietate puntuarekin al zeunden?

Antsietatearekin ez, baina urduritasun pixka batekin banenbilen. Ikusten nuen gure aurkariek entrenatzen jarraitzen zutela, eta gu, bitartean, etxean sartuta geunden. Bagenekien egoera hau luzatzen baldin bazen larri iritsiko ginela Olinpiar Jokoetara, eta nik joatekotan, nire onena ematera joatea nahi nuen. Jokoak udan egitea erabakitzen bazuten, banekien ez nintzela ehuneko ehunean iritsiko. Beraz, 2021eko lehiara dena emateko moduan iristen saiatuko naiz.

Zer moduz ari zarete moldatzen itxialdian?

Entrenatzeko arazo handiak ditugu. Konfinamendua mundu guztiarentzako da, salbuespenik gabe. Gure kasuan etxean sartuta gaude, eta entrenamendu asko galtzen ari gara.

Errendimendu handiko zentroan al zaude oraindik?

Ez, Madrilen dagoen zentroa itxi egin zuten koronabirusa hedatzen hasi zenean, eta egun bat geroago, Espainia osokoak itxi zituzten. Konponbide bat behar zela eta, guk entrenatzen dugun urtegiaren ondoan dauden txalet batzuetara bidali gintuen federazioak. Madril hiriburutik 70 kilometrora dago urtegia; ikusten genuen egokia zela, bertan bizi gintezkeelako eta entrenatzeko ura ondoan zegoelako. Irtenbide horrek ez zigun asko iraun; izan ere, alarma dekretua ezarri zutenetik ezin genuen uretan entrenatu, ezta kanpoan kirolik egin ere. Txaletetan, gimnasioa eta ergometroak ditugu, eta horrekin ari gara moldatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide