Egoerara egokitu nahirik

Baleike 2020ko mar. 27a, 17:30

Autismoa duten herritarrak nahiz jokaera disruptiboak dituztenak kalera atera daitezke. Orbegozo bi egunean behin ateratzen da semearekin. Ieva ez da kalera irten oraingoz; errutina aldaketa da harentzat okerrena.

Koronabirusaren pandemia dela-eta ezarri duten alerta egoeraren barruan, Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten herritarrek eta jokaera disruptiboak dituztenek kalera ateratzeko baimena dute ostiraletik. Koronabirusaren kutsadura saihesteko neurriak hartuta eta beste pertsona batek lagunduta irten behar izaten dute horiek etxetik. Espainiako Gobernuak neurri hori hartu aurretik, Marea Urdina elkarteak gauza bera eskatu zien eskualdeko udal gobernu guztiei.

Haritz Orbegozo elkarte horretako kidea da, eta haren seme Lukenek autismoa du. Gustura dago kalera irteteko baimena lortu dutelako, eta lorpen hori hala izan dadin “lanean jardun duten bailarako lagun guztiak” eskertu ditu.

Alarma egoerak ezarritako konfinamenduak pertsona horien egoera larriagotu egiten du, eta horregatik, kanpora atera eta “arnas pixka bat” hartu beharra daukate. Orbegozoren semeak etxetik irteteko baimena duen arren, ez dira egunero kalera ateratzen. “Ahal dela, bi egunean behin ateratzen gara; ahalegintzen gara egunero ez irteten. Pertsona hauentzako arnasa hartzea da kalera ateratzea; bestela, beren egoerak okerrera egin dezake. Kalera irteteko aukera izanda, uste dugu konfinamendu egoera hau lasaiagoa egingo zaiola semeari”.

Ahal diren babes neurri guztiak hartuta irteten dute etxetik Orbegozok eta haren semeak. “Etxetik kanpo gaudenean ez dugu ezer ukitzen, ez gara inon esertzen, ez dugu inon urik edaten… Inorekin topo egingo ez dugun tokietara joaten gara pasierara. Gero, etxera sartzerako, oinetakoak kendu eta desinfektatu egiten gara”, azaldu du Marea Urdina elkarteko kideak. Kalera irteten dutenetan, semearen ezgaitasun txartela hartuta ateratzen dira.

Orbegozok dio etxetik ateratako bakoitzean jabetzen dela kutsatzeko duten arriskuaz: “Badakigu zer arrisku daukagun, eta horregatik, adi eta tentuz ibiltzen gara kanpoan. Gainera, ahal dugun gutxiena ateratzen gara. Gure beldur handiena seme-alabak kutsatzea da. Kasu horretan, bakartu egin beharko lirateke, eta hori okerragoa izango litzateke ume hauentzat”.

Pertsonak adina errealitate
Neurri horrek, ordea, ez du balio autismoa duten pertsona guztientzako. Antonella Ieva Verducci zumaiarra Iker zazpi urteko haurraren ama da, Gautena autismoa duten gurasoen elkarteko sortzaile izateaz gain. “Halamoduz” daramate konfinamendua Ievaren etxean. Haren hitzetan, errutina aldaketa da bere semeak jasan behar izan duen aldaketarik bortitzena. “Eskolak bertan behera geratu dira, igerilekura ere ezin dugu joan… Lehen batetik bestera ibiltzen ginen egun osoa”.

Ikerri koronabirusaren eta konfinamenduaren berri emateko, piktogramak erabili ditu haren amak, testu honekin lagunduta: Hilabete honetan ezin dut eskolara eta kalera joan, munduan koronabirus izeneko gaitz bat dagoelako, pertsonek sukarra, eztula eta arnasa ondo ez hartzea eragiten duena. Koronabirusa joaten den egunean, guztiok joan ahal izango gara eskolara eta kalera. Horrez gain, Ievak azaldu dio medikuak koronabirusaren aurka borrokan ari direla, eta horregatik txalotzen dituztela arratsaldero.

Iker egoera berrira moldatzen ari dela iruditzen zaio bere amari. Egin beharrekoen agenda bat du Ikerrek atean zintzilik, asteko ikuspegia jasotzen duena. Gurasoek aldatzen dizkiote agenda horretako piktogramak. Azken egunotan, ordea, Iker bera ari da agenda hori eguneratzen: “Uste dut ulertu duela zein den egoera. Piktogramak aldatzen ditu egun guztiak berdinak direlako, eta denboraren nozioa ez galtzeko”.

Kalera ateratzea baimenduta izan arren, ez dute egin. “Nola azalduko diot ezin duela ezer ukitu? Egoera sostengaezina bada, aterako gara”, dio Ievak. Iker “oso aktiboa” da, eta parkera joan ezin izateak eragina izan du haurrarengan. Ievaren hitzetan, Ikerren “aliatu handiena” ohe elastikoa izan da egunotan: “Asko ari da erabiltzen”. Gainontzean, eskolako lanak egiten edo Interneten nabigatzen pasatzen dute denbora.

Ievaren arabera, “denon esku” dago koronabirusa geldiaraztea. Horretarako, beharrezkotzat jotzen du guztiak etxean geratu eta prebentzio neurriak hartzea.

Apirilaren 2a, etxeak eta herriak urdintzeko eguna
Apirilaren 2a Autismoaren Nazioarteko Eguna da, eta aurten mundu guztia etxean egongo denez, modu berezian ospatu nahi du eguna Marea Urdina elkarteak. Egun horretan, sentsibilizazio jarduera bat egingo dute: #EtxetikUrdinduMundua.Egun horretan etxe guztiak urdintzeko deia egin du elkarteak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide