Bihartik aurrera, funtsezkoak diren jardueretan aritzen diren langileak soilik joango dira lanera

Baleike 2020ko mar. 29a, 17:13

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean onartu zuen dekretua aintzat hartuta zehaztu ditu funtsezko jarduerak. Hain zuzen ere, 40 lan eremu jo ditu beharrezkotzat. Telelanean ari diren beharginak ere multzo horretan sartu ditu. Apirilaren 9ra arte izango da indarrean neurria, eta enpresek ordainduko dituzte langileen baimen egunak. Beharginek urte bukaera bitartean berreskuratu beharko dituzte lanorduak.

Espainiako Gobernuak ezohiko Ministroen Kontseiluaren bilkura egin du gaur, igandea, funtsezkoak ez diren ekonomia jarduera guztiak etetea ahalbidetzen duen dekretua onartzeko. Atzo iragarri zuen konfinamendua gogortzeko neurria Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, eta gaur eman dituzte onartu duten dekretuaren gaineko xehetasunak.

Bihar hasi eta apirilaren 9ra bitartean utziko dituzte bertan behera beharrezkoak ez diren jarduerak eta, beraz, etxean gelditu beharko dute behar-beharrezkoak ez diren lanetan aritzen diren beharginek. Dena den, alarma egoera tarteko, konfinamendu egoera ezarri zutenetik hona bezalatsu, herritarrek etxetik ateratzeko aukera izango dute jakiak eta edariak erosteko edo farmaziara nahiz osasun etxera joateko.

Bihartik aurrera izango da indarrean berreskuratzekoa izango den ordainpeko baimena. Horrenbestez, langileek ohiko soldata eskuratuko dute apirilaren 9ra bitartean, baina alarma egoera bertan behera uztean, egun horietako lanorduak errekuperatu beharko dituzte, mailakatuta eta denboran banatuta. Enpresek ordainduko dituzte bi asteko etenaldiko langileen baimen egunak, eta gero langileek egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte. Enpresariekin adostu beharko dute langileek nola egin lanordu horiek abenduaren 31ra bitartean.

Zeintzuk dira funtsezko jarduerak?

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean onartu zuen dekretua aintzat hartuta zehaztu ditu funtsezko jarduerak. Hain zuzen ere, 40 lan eremu jo ditu beharrezkotzat. Aipatzekoa da, telelana gauzatzen ari diren beharginak ere multzo horretan sartu izana; izan ere, nahiz eta funtsezko sektoreetako langileak ez izan, lanean segitu beharko dute nagusiak eta langileak bestelako akordiorik lortu ezean. Bestalde, telelana egitea ezinezkoa den kasuetan bi asteko baimen ordaindua hartu ahal izango dute langileek, lantokira joan ezin duten beharginek bezalaxe.

Honako sektore hauetako langileek ezingo dute datozen egunetarako ezarri duten baimena baliatu:

  • Alarma egoeran gauzatu beharreko ekintzetan aritzen diren langileak.
  • Oinarrizkoak diren janari, edari, higiene produktu, botika eta osasun produktuekin lan egiten dutenak.
  • Etxerako zerbitzuak eskaintzen dituzten ostalaritzako langileak.
  • Farmazien, botiken eta produktu kimikoen sektoreko beharginak.
  • Garraio zerbitzuetako langileak.
  • Polizia indarretako, babes zibileko, espetxe zaintzako nahiz salbamenduko langileak.
  • Indar armatuko kideak.
  • Segurtasun pribatuko langileak.
  • Osasungintzan eta adinekoen zaintzan aritzen diren langileak.
  • Etxeko langileak nahiz zaintzaileak.
  • Komunikabideetako eta prentsa salmenta puntuetako beharginak.
  • Aseguru etxeetako nahiz banketxeetako langileak.
  • Altzarigitzan nahiz berogailuen zein aire girotuen horniduran aritzen diren langileak.
  • Osasun zerbitzuetarako materialaren ekoizpenean aritzen direnak.
  • Etena eraginez gero instalazioetan kalteak edo istripuak sor daitezkeen enpresetako beharginak.
  • Sektore aeroespazialean aritzen diren langileak.
  • Telekomunikazioen sektorean nahiz beharrezko informatika zerbitzuetan aritzen diren langileak.
  • Indarkeria matxistaren biktimen arretan eta babesean aritzen direnak.
  • Gizarte Segurantzako langileak.
  • Lege, lan eta enpresa aholkularitza nahiz aholkularitza fiskala eta soziala eskaintzen dutenak.
  • Notaritzetako eta erregistroetako langileak, zehaztutako oinarrizko zerbitzuen arabera.
  • Osasun larrialdiarekin zerikusia duten langileak.
  • Ehorztetxeetako beharginak.
  • Produktu arriskutsuen nahiz hondakinen garbiketa, mantenu eta zainketa lanetan aritzen direnak.
  • Errefuxiatuen nahiz migratzaileen harreran lan egiten duten beharginak.
  • Posta langileak.
  • Autobideetako eta galetokietako langileak.
  • Uraren horniduran, garbiketan nahiz saneamenduan aritzen direnak.
  • Metereologia zerbitzuetako langileak.
  • Oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko beharrezkoak diren administrazio publikoko langileak.
  • Aduanetako langileak.
  • Osasun materialaren inportazioan eta horniduran aritzen diren langileak; hau da, banaketan, garraioan edo biltegiratzean aritzen direnak.
  • Internet, telefono edo posta bidezko erosketak banatzeaz arduratzen diren langileak.
  • Gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari diren instalazioen mantenuaz arduratzen direnak.
  • Telelana egiten ari diren beharginak, horiek eta nagusiek bestelakorik adosten ez duten bitartean.
  • Aldi baterako lan ezitasun egoeran diren pertsonak.
  • Sindikatu eta patronaletako langileak.
  • Pertsonen segurtasunaren, ingurumenaren, animalien osasunaren eta minetako segurtasunaren alde lan egiten duten enpresetako beharginak nahiz sute kasuetan, bilaketa lanetan zein erreskateetan aritzen diren langileak.

Urkullu erabakimen eske

Espainiako presidente Pedro Sanchezek atzo iragarri zuen funtsezkoak ez ziren ekonomia jarduera oro etengo zuela. Erabaki horren aurrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun bat bidali dio Sanchezi. Hain zuzen ere, autonomia erkidego bakoitzak beharrezko jarduera horiek zeintzuk diren erabaki ahal izatea eskatu dio hark Espainiako presidenteari. Espainiako Gobernuak, baina, ez du aintzat hartu Urkulluren eskaera. Hala esan du gaurko agerraldian Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak: "Madrilek ezin ditu desberdintasunik egin erkidegoen arabera".

Neurria ez da oharkabean iritsi eta pasatu. Izan ere, atzo iragarri ondotik iritsi ziren euskal alderdien nahiz sindikatuen erreakzioak. EAJk "harridura eta kezka" agertu zituen atzoko Sanchezek neurria iragarri berritan: "Harridura adierazi nahi dugu Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiarazteko neurria hartzeko eta jakinarazteko izan duen moduagatik, funtsezko jarduera horiek zeintzuk diren zehaztu gabe eta erabakiak oinarrian dituen adituen irizpideak zehaztu gabe hartu duelako neurria".

EH Bilduren arabera, "berandu" iritsi da erabakia. Arnaldo Otegik adierazi duenez, dagoeneko leku batzuetan osasungintzaren kolapsoa gertatu delako hartu dute neurria: "Inprobisatzen ari dira, berandu eta gaizki, estrategia argirik gabe". Hark, gainera, euskal herritarrei eragiten dien neurria Madrilen hartu izana ere gaitzetsi du, eta egoerari aurre egiteko eta estrategia bat zehazteko, alderdiek, sindikatuek, enpresaburuek eta gizarte eragileek mahai bat osatzea proposatu du.

ELA sindikatuaren aburuz, "neurria ona" da, baina ezin da zama guztia langileengan jarri. "Albiste ona da Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko hartutako erabakia. Gogoratu behar da ELAk neurri hori eskatu duela azken asteetan, zientzialariek aholkatzen zuten bezala. Horregatik, uste dugu osasun publikoa lehenesten eta normaltasuna azkarrago berreskuraraziko duen neurri positiboa dela". Hala eta guztiz, neurri horrek langileak ezin dituela kaltetu eta sektoreen artean diskriminaziorik ezin duela sortu ere azaldu du sindikatuak. 

LABen ustez, "berandu eta langileen kontura" dator neurria. "Neurriaren ondorioak langileon bizkar gainean jarri nahi dituzte. Ez dugu onartuko langileek krisi honen ondorioak ere ordaintzea", azaldu du sindikatuak. Gainera, LABek orduak errekuperatu beharra edo osagarririk gabeko lana aldi baterako erregulatzeko txostenak kritikatu ditu. Sindikatuak oinarrizkoak diren zerbitzuetako langileen segurtasuna bermatzea eskatu du.

Confebaskek, berriz, "erabat gaitzetsi" egin du Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, "oso larria" delako. "Euskal enpresen jarduerari kalte itzelak eragingo dizkio, eta krisia areagotu eta errekuperazioa nabarmen zailduko ditu". Gainera, euskal enpresarien patronalak esan du neurria ez datorrela bat joan zen astean Gobernuak proposatutako enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenekin eta gisa horretako neurriekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.

Izan Gukakide