Espainiako Gobernuak asteburuan erabaki du funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak bertan behera uztea, eta igandeko gauerdia iritsi baino minutu batzuk lehenago argitaratu zuen onartutako dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak itxialdira egokitzeko 24 orduko luzapena eman die "jarduera berehala etetea ezinezkoa zaien" enpresei. Gobernuaren arabera, gaur lanera joan ahal izango dute baimen ordaindu berreskuragarria jasotzeko ezinbestekoak diren lanak egitera. Gauzak horrela, beharrezkoak ez diren jardueretako beharginek etxean gelditu beharko dute bihar.
Dena den, atzo jakinarazi zituzten 10/2020 dekretuaren xehetasun batzuk: gaurtik apirilaren 9ra arte utziko dituzte bertan behera beharrezkoak ez diren jarduerak. Gainera, langileek ohiko soldata eskuratuko dute apirilaren 9ra bitartean, baina alarma egoera bertan behera uztean, egun horietako lan orduak errekuperatu beharko dituzte, mailakatuta eta denboran banatuta. Enpresek ordainduko dituzte bi asteko etenaldiko langileen baimen egunak, eta gero langileek egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte. Enpresariekin adostu beharko dute langileek nola egin lanordu horiek abenduaren 31ra bitartean.
Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean onartu zuen dekretua aintzat hartuta zehaztu ditu funtsezko jarduerak. Atzo argitaratutako zerrenda 40 puntukoa bazen ere, gaur 25 puntutara laburtu dute beharrezkoak diren lanen zerrenda:
- Alarma egoera arautzen zuen martxoaren 14ko dekretuan jasotakoak: garraioa, aduanak, energia, petrolio eta gas hornidura bermatzeko beharrezkoak diren lanpostuak eta azpiegitura kritikoetakoak.
- Premiazko ondasun eta zerbitzuen —jakiak, edariak, animalientzako elikagaiak, garbiketa produktuak, botikak, osasun produktuak— ekoizpenean eta banaketan lan egiten dutenak.
- Janaria etxera eramaten duten ostalaritza saltokiak.
- Osasun teknologiaren eta materialen nahiz erietxeetako ekipamenduen ekoizpen katean eta banaketan lan egiten dutenak.
- Funtsezkotzat jotako jarduerek egoki funtzionatu dezaten beharrezkoak diren hornidura eta materialak eskaintzen dituen manufaktura industriaren jarduera produktiboari eusteko ezinbestekoak direnak.
- Pertsonen eta merkantzien garraioan lan egiten dutenak.
- Espetxe Instituzioetan, babes zibilean, itsas salbamenduan, suteetan, meatzeen segurtasunean eta bide segurtasunean lan egiten dutenak. Baita segurtasun pribatuko langileak ere, horiek segurtasunezko garraioan, alarmei erantzuteko lanetan eta oinarrizko zerbitzuak ematen direla bermatzeko lanetan dihardutenean.
- Armadari materiala eta ekipamenduak hornitzen dizkieten langileak.
- Osasun zentroetako langileak, eta adinekoak, adingabeak eta mendekotasunen edo ezgaitasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginak; baita COVID-19ari aurre egiteko ikerketa eta garapen zentroetan lan egiten dutenak ere, eta horiei zerbitzuak ematen dizkieten enpresen gutxieneko zerbitzuak. Hileta zerbitzuetako beharginak.
- Animalien osasun artarako zentroetako langileak.
- Prentsa eta komunikabideak saltzen, inprimatzen eta banatzen lan egiten dutenak.
- Finantza zerbitzuak; bankuak, aseguruak eta inbertsioak, ezinbestekoak diren zerbitzuak emateko soilik.
- Telekomunikazio eta ikus-entzunezko eta beharrezko informatika zerbitzuetako enpresak, eta horiek ahalbidetzen dituzten sare eta instalazioetan eta horien funtzionamendu egokia ziurtatzen dihardutenak, bereziki zerbitzu publikoak eskaintzeko beharrezkoak diren kasuetan.
- Genero indarkeriaren biktimak babesteko eta artatzeko zerbitzuei lotutakoak.
- Bertan behera geratu ez diren auzibideetan, abokatu, prokuradore, gizarte langile, itzultzaile eta psikologo lanetan ari direnak.
- Lege aholkularitzan, gestoria administratiboetan eta lan arriskuen prebentzioan lan egiten dutenak, soilik premiazko kasuetan.
- Notariotzan eta erregistroetan lan egiten dutenak, soilik Segurtasun Juridikoko Zuzendaritzak ezinbestekotzat jotako zerbitzuak betetzeko denean.
- Matxurak premiaz konpontzeko eta garbiketa eta mantentze zerbitzuetan dihardutenak. Hondakin arriskutsuak, hiri hondakinak eta ur hondakinak jasotzen, kudeatzen eta tratatzen dituztenak, deskontaminazio jardueretako beharginak eta hondakinen kudeaketan, garraioan eta kentzean ari direnak.
- Iheslarientzako harrera zentroetako eta migranteentzako zentroetako langileak, Migrazioetarako Espainiako Estatu Idazkaritzak diruz lagundutakoak badira.
- Ur horniduran, depurazioan, garraioan, arazketan eta saneamenduan lan egiten dutenak.
- Meteorologia zerbitzuak emateko beharrezkoak diren zereginetakoak.
- Estatuak izendatutako operadoreak emandako posta zerbitzuko langileak.
- Osasun materialen inportazioan eta horniduran lan egiten duten sektoreetakoak; logistika, garraio, biltegiratze, aduana zirkulazio eta, oro har, osasun korridoreetan parte hartzen duten guztietakoak.
- Internet, telefono edo posta bidezko komertzio bidez erositako produktuen banaketan eta entregatzean lan egiten dutenak.
- Premiazkotzat jotako zerbitzuetan lan egiten duten beste edozein sektoretakoak.