"Harrera bikaina izan du boluntarioen erosketa zerbitzuaren sareak"

Baleike 2020ko mar. 31a, 11:37

Bi astean 73 dei jaso dituzte erosketa zerbitzuaren sareko boluntarioek. Manex Azkue boluntarioaren hitzetan, erabiltzaileak "oso eskertuta" daude gaztetxekoek eta Udalak elkarlanean abiatutako zerbitzuarekin.

Konfinamendua martxoaren 15ean sartu zen indarrean, baina koronabirusarekiko pertsona zaurgarriei etxean geratzeko aholkatu zieten neurri hori hartu aurretik ere. Zumaiako Udalak eta Torreberri gaztetxeko kideek elkarlanean, adinekoei erosketak egiten laguntzeko boluntarioen sarea osatu zuten. Konfinamenduaren lehen egunerako zerbitzu hau eskaintzeko 65 boluntario bildu zituzten. 

Joan den ostiralera arte, hilak 27, zumaiarren 73 dei jaso zituzten. Bi boluntario arduratzen dira deiak jasotzeaz, eta erosketak egiteaz arduratzen direnekin jartzen dira ondoren harremanetan: "Txandaka egiten dugu lan. Guneka banatuta gaude, eta deitzen diguten auzoaren arabera antolatzen gara", azaldu du Manex Azkue boluntarioak. Zerbitzua "behar duen edonori" irekia dagoela azpimarratu du Azkuek, eta haren hitzetan, adinekoak eta gaixo daudenak izan dira orain arte zerbitzua gehien erabili dutenak. 

Deia egitetik erosketa jasotzera
Guztia koordinatzeaz arduratzen diren bi arduradunek deia jasotzen dutenetik erosketak etxera iristerainoko prozeduraz aritu da Azkue: "Bi arduradun ditugu telefonoekin. Horiek deia jasotzen dute, eta boluntario taldeko kide bati pasatzen diote eskaera egin duen herritarraren telefonoa. Boluntarioak herritarrari deitzen dio ondoren, eta eskaera zehazten dute, beti ere, gertutasunez". Boluntarioak eskularruak eta maskarak jasotzen ditu udaltzaingoaren egoitzatik, eta erosketak egitera joaten da. Ondoren, adinekoari atarian uzten diote erosketa. 

Azkueren arabera, "oso harrera ona" izan du zerbitzuak: "Erabiltzaile askok errepikatu egin dute, eta oso eskertuta daudela adierazi digute". Aurrerantzean ere zerbitzua eskaintzen jarraituko dute, eta gogoratu dute zerbitzua erabili nahi duenak 688-75 77 74 telefonora deitu dezakela. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide