Telefonica, Orange eta Vodafone konpainietako 40 milioi sakelakoren arrastoa jarraituko du Espainiko Gobernuak, populazioaren mugimenduei buruzko informazioa jasotzeko, eta informazio hori baliatuko du koronabirusaren kontrako borrokan erabakiak hartzeko. INE Espainiako Estatistika Erakundearekin elkarlanean gauzatuko du DataCOVID izeneko ikerketa, eta jakinarazi du datuak modu “anonimoan eta multzoka” aztertuko dituztela, “egoera normaltasunera itzultzeko beharrezkoa den denboran”. Telefonia konpainiek argitu dute poliziek ezingo dituztela datu horiek erabili herritarren mugimenduak zaintzeko.