Beste hildako bat baieztatu dute Otezuri egoitzan

Baleike 2020ko api. 3a, 20:28

Gipuzkoako adinen egoitzetan zortzi lagun hil dira eta hamaseik eman dute positibo azken orduetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken datuen arabera, Gipuzkoako adinen egoitzetan zortzi lagun hil dira eta hamaseik eman dute positibo. Hiru hildako baieztatu dituzte Zarauzko Santa Anan, bina Ordiziako San Josen eta Donostiako Berra egoitzan, eta bana Zumaiako Otezurin eta Hondarribiako Caser Residencial Betharramen. Orain arte, 26 lagun hil dira egoitzetan, eta 143 COVID-19 gaitzak jota daudenak.

Guztira 29 dira Gurutzeko Gorrira eramandakoak eta sei ospitaleratuta daudenak.Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi du aldundia aholkularitza saioak eskaintzen ari dela, “aurrekaririk ez duen egoera honi modu estrategiko eta partekatuan” erantzuteko martxan jarritako Txoke Planaren barruan, beharrezko prebentzio, osasun eta segurtasun neurrien arloko ezagutza indartzeko. Saioak egoitza zentroei eta bizikidetza-unitate txikiei zuzenduta daude, eta, batez ere, zalantzak argitzeko eta egoitzen sareko gainerako eragileekin batera hausnarketak partekatzeko balio duela jakinarazi du bozeramaileak.

Hiru prestakuntza saio egin dira dagoeneko modu telematikoan, Matia Fundazioko erizain profesionalen eskutik. Guztira 230 zentro eta entitate baino gehiagok hartuko dute parte, hiru saiotan banatuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide