Egoitzetatik aldi baterako etxera joaten direnek laguntza tekniko eta ekonomikoa jasoko dute

Onintza Lete Arrieta 2020ko api. 4a, 20:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak foru agindua onartu du eta 240.000 euroko partida, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emateko aldi baterako etxe partikular batera joaten diren hainbat egoiliar motarentzat. Gorde egingo zaie tokia eta ez zaie kobratuko kanpoan diren denbora tartea.

Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur jakinarazi du aldundiak foru agindua onartu duela, non laguntza tekniko eta ekonomikoak zehazten diren, aldi baterako beren etxeetara itzul daitezen nahi duten egoiliarren senitartekoentzat. Eskaera egin dezakete mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza zentroetako erabiltzaileek, desgaitasuna duten pertsonen egoitza zentroetakoek, eta laguntza duten etxebizitzetan bizi direnek. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 24ko Txoke Planean onartutako 50 ekintzetako bat da.

Informazio zehatza

Aldi baterako etxera itzultzea eskatzen duten pertsonek, etxeko egonaldia errazteko laguntza teknikoak izango dituzte, baita laguntza ekonomikoak ere, “egoitza zentrotik irteten diren egunaren biharamunetik zentrora itzultzen diren egunera arte, hilabetero 424 euroko laguntza jasoko dute 1 eta 2 mailako mendekotasuna duten pertsonek, eta 338 eurokoa 3. mailako mendekotasunarekin baloratutako erabiltzaileek”, azaldu du Mendozak. Laguntza horiek egoitza publikoetako, pribatuetako eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonek jaso ahal izango dituzte.

Bozeramaileak azpimarratu du etxera itzultzea eskatzen duen pertsona orori tokia mantenduko zaiola, eta ez zaiola horregatik kobratuko.

Programak laguntza teknikoak eta ekonomikoak zehazten ditu, eta 244.884 euroko partida bideratu dute. Mendozak gaineratu du hainbat familiak egin duela eskaera, eta datu zehatzak eman ditu: "7.000 lagun artatzen dira 240 zentroz osatutako sarean, eta egun arte, etxera itzultzea 150 pertsonek eskatu dute. Gehienak desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan daude eta bizikidetza unitate txikietako egoiliarrak dira".

Atzo beste bi heriotza

Eider Mendoza foru bozeramaileak  jakinarazi du azken orduetan bi egoiliar hil dira, bat Zarauzko Santa Ana egoitzan eta bestea Tolosako Iurreamendin. Gipuzkoako 65 egoitzetako egoeraren berri eman du, gogoraraziz 5.425 pertsona artatzen direla. Azken orduetan 37 pertsonek COVID-19n positibo eman dutela gaineratu du. Orain arte, Gipuzkoako egoitza sarean guztira 178 kasu positibo eta 28 heriotza antzeman dira, 14 egoitzatan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide