Alarma dekretua apirilaren 26ra arte luzatu du Kongresuak

Baleike 2020ko api. 10a, 10:58

Pedro Sanchez Espainiako presidentea.

Alarma egoera eta, ondorioz, itxialdia, apirilaren 26ra arte luzatzea onartu zuen atzo Espainiako Kongresuak. Pedro Sanchez presidenteak beste luzapen bat eskatzea aurreikusten duela ere adierazi zuen.

Alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatuko zuela adierazi zuen orain astebete Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Hala ere, luzapen hori indarrean sartzeko Kongresuaren oniritzia behar zuen, eta atzo egindako saioan jaso zuen. Gobernua osatzen duten PSOEk eta Unidas Podemosek aldeko botoa eman zuten, eta baita ere PPk, Ciudadanosek, EAJk, Mas Paisek, Compromisek, CCk, UPNk, Foro Asturiasek, PRCk eta Teruel Existek; EH Bildu, ERC, Junts per Catalunya eta BNG abstenitu egin ziren; eta VOXek eta CUPek aurka bozkatu zuten. Itxialdia, printzipioz apirilaren 26ra arte luzatuko bada ere, Sanchezek ohartarazi zuen hamabost egun barru alarma dekretua berriro luzatu beharko duela pandemiari aurre egiteko.

Moncloako Itun berria egiteko bilera ere deitu zuen Sanchezek atzoko saioan. Alderdi politikoak, sindikatuak, enpresarien patronala eta autonomia erkidegotako presidenteak deitu ditu, besteak beste, bilera horretan parte hartzera. Koronabirusaren krisialdiaren ondoren Espainia “berreraikitzea” du helburu itun berri horrek. Euskal alderdi nagusiek parte hartuko duten edo ez azaldu zuten: EAJ bileran parte hartzeko prest dagoela esan bazuen, EH Bilduk joango ez zela aurreratu zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide