Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako marrazki lehiaketa antolatu du Gertuk

Baleike 2020ko apirilaren 11

Entretenimendua bultzatzeaz gain, irudimena lantzeko antolatu du merkatari eta ostalarien elkarteak marrazki lehiaketa. Hilaren 17ra arte jasoko dituzte lanak.

Gertu merkatari eta ostalarien elkarteak haur eta gaztetxoei zuzendutako marrazki lehiaketa antolatu du, osasun krisialdiaren bizimodua abiapuntu hartuta. Entretenimendua eta irudimena sustatze aldera antolatu dute, eta gai horren inguruko lanak jasoko dituzte hilaren 17ra bitartean.

14 urtetik beherako gazteek hartu ahal izango dute parte, guraso edo tutorearen baimenarekin. Parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta irudiak ez du egilearen izenik eramango. Era guztietako marrazkiak aurkez daitezke; fantastikoak, umorezkoak, beldurgarriak zein futuristak. 

Parte hartzaileek 638-004 576 telefono zenbakira bidali beharko dute beren marrazkia, eta harekin batera, izen-abizenak, adina eta kontakturako telefonoa adierazki beharko dira. 

Sariak
Lan guztiak Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteko Facebook orrialdean eskegiko dituzte, eta sare sozialaren erabiltzaileek "atsegin dut" klikatuta hautatuko dituzte marrazki gustokoenak. Lehenengo sarituak 75 euroko erosketa bonoa jasoko du, eta 50 eurokoa bigarrenak. Parte hartzen duten guztien artean 50 euroko beste bi erosketa bono ere zozkatuko dituzte. 

Sariak hautatzeko bozketan parte hartzen duten erabiltzaileen artean 50 euroko erosketa bonoa zozkatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide