Eider Mendoza foru bozeramaileak, 5.425 pertsona artatzen diren lurraldeko 65 adineko pertsonen egoitzetako egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta jakinarazi du hambi pertsona hil direla azken orduetan, 17k eman dutela positibo eta bi gehiagok gainditu dutela gaixotasuna. Azken heriotzei dagokienez, horietako bi Zumaiako Otezuri egoitzan izan dira; gainerakoak, berriz, Eibarko Egogain, Arrasateko Iturbide, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Donostiako Berran.
Guztira, hamasei dira Covid-19 kasu positiboak dituzten adineko pertsonen egoitzak, 37 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman dira eta 35 ospitaleratuta daude. Gaur arte, adineko 28 lagunek jaso dute alta, 111 zendu dira eta 305 kasu positibo daude.
Bozeramaileak azpimarratu du aldundia ahalegin handia egiten ari dela “Covid-19aren hedapena geldiarazteko” lurraldeko gizarte baliabideetan, 7.000 lagun artatzen diren 240 zentroz osatutako sarean. Gaineratu du elkarlana dela egiten ari den lanaren oinarria, bai Osakidetza eta Osasun Sailarekin, baita udalekin, egoitza zentroekin eta hirugarren sektoreko eragileekin ere. “Elkarlana giltzarria izaten ari da hain konplexua den egoera honi erantzuna ematerako garaian, oso une delikatuak igarotzen ari gara, eta benetan eskertzen dugu alde guztiak egiten ari diren ahalegina eta lana”.