Koronabirus kasu berririk ez Zumaian, bigarren egunez

Baleike 2020ko api. 15a, 13:40

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, ez da kasu positiborik izan Zumaian azken 24 orduetan. Eskualdean hiru kasu berri detektatu dituzte bezperatik hona, hirurak ere Zarautzen.

COVID-19ak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken datuen arabera hiru kasu positibo berri zenbatu dituzte eskualdean; hirurak, Zarautzen. Eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek berdin jarraitzen dute. Honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman dutenen kopuruak: 108 Zarautzen, 45 Zumaian, hamabost Orion, hamabi Azkoitian, zortzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 11.475 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 249 kasu gehiago.  1.849 test egin dituzte guztira azken 24 orduetan, eta horietatik %13’5ek eman dute positibo, atzo baino ia %2 gutxiagok. Nafarroan, 4.246 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 96 gehiago. 

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.154 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 46 gehiago. Izan ere, azken orduetan 43 hildako izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hiru Nafarroan. Alta jaso duten pazienteak, berriz, 808 dira Nafarroan eta 5.428 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Santos Indurain Nafarroako Gobernuko kontseilariak adierazi dutenez, egoera “egonkortzen” ari da lau lurraldeetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide