Euskaraldia 2020

Apirilaren 20an jarriko da martxan Etxealditik Euskaraldira ekimena

Baleike 2020ko api. 17a, 18:07

Etxealditik Euskaraldira izeneko ekimena jarriko dute martxan apirilaren 20an, bi helbururekin: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.

Ekimenak aurtengo azaro eta abenduan egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du. ““Bizi dugun egoera ez-ohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea”, azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.

Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko Facebook, Instagram eta Twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Apirilaren 20an, argitaratuko da lehen mezua, “Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko mezua. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”, gaineratu du Aldabaldetrekuk.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. “Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez”, nabarmendu du Aldabaldetrekuk.

Parte hartzea

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak herritarrei dei egingo die “ekimena bere egitera eta parte aktiboa” izatera. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.

Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatuko ditu ekimenak. “Aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatzea guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko”, azaldu du Aldabaldetrekuk.

Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide